Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan zen igandean, XVI. Sakanako Kirol Asteako olinpiada txikiak amaitutakoan, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Gurasoak entrenatzen kanpainako sariak banatu zituen Etxarri Aranazko pilotalekuan. Urte hasieran jarri zuen martxan ekimen hori Kirol Zerbitzuak, Sakanako ikastetxeen laguntzarekin "haur eta gurasoen artean kiroltasunaren baloreak bultzatzeko helburuarekin".Sakanako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta DBH-ko ikasleei eta horien gurasoei egin zitzaien parte hartzeko deia. Haurrek kiroltasun baloreekin erlazionatutako marrazki, komiki edo ipuin bat egin behar zuten eta gurasoei, berriz, haurren kirolean ikusitako joera txalogarri bati buruz eta jokaera tamalgarri bati buruz idaztea eskatu zitzaien. Umeek lanak aurkeztu ahal izateko beharrezkoa zen gurasoek ere parte hartzea, izan ere, "kiroltasunaren baloreen transmisioan gurasoak inplikatzea zuten helburu nagusi" adierazi zuen Amaia Gerrikagoitiak.Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuko teknikariak oso pozik zeuden emaitzekin. "Batetik, parte hartzea itzela izan da. Ia 300 lan jaso ditugu. Hori gutxi ez, eta gurasoek joera tamalgarriak konpontzeko oso ideia onak eman dituzte". Ekarpen horiek dokumentu batean bilduko zituztela jakinarazi zuen Amaia Gerrikagoitiak.Sariak Ekimenean parte hartu duten haur eta gazteen artean sariak banatzeko orduan, egindako marrazki, komiki edo ipuinaren kalitatea edota landutako baloreak hartu ditu kontuan balorazio batzordeak. Iñigo Aritza ikastolako Markel Galbetek jaso zuen 1. saria, bizikleta; 2. saria, patinak, Etxarri Aranazko San Donato ikastetxera joan ziren, Ibai Orbegozoren eskutara; Andra Mari ikastolako Oihan Artiedak jaso zuen 3. saria, ur azpian ibiltzeko betaurrekoak, tubo eta aletak; 4. saria, futbolerako baloia, Sagrado Corazon ikastetxeko Ivan Imazendako izan zen; ikastetxe berean geratu zen 5. saria ere, saskibaloiko baloia, Javier Ruiz de Erentxunek irabazita; 6. saria, errugbiko baloia, Atakondoako Nerea Anduezak irabazi zuen; 7. saria, eskubaloiko baloia, Luis Fuentes ikastetxeko Josu Mozok; 8. saria, erraketa, Andra Mari ikastolara joan zen, Xabier Alegriak irabazita; Iñigo Aritza ikastolako Erkuden Madinabeitiak irabazi zuen 9. saria, pala; 10. saria, eskupilotarako pilota Domingo Bados ikastetxeko Zuriñe Arguellesek irabazi zuen; eta 11. saria, ziba, Arrano Beltza ikastetxeko Maria Zubietak.Ez ziren horiek izan banatutako sari bakarrak: Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak kamiseta bat oparitu zien ekimenean parte hartu zuten haur, gazte eta guraso guztiei.