3 etapetan 10 portu

Guaixe 2008ko ekainaren 5a

Bihar Euskal Herriko txirrindularien egutegiko lasterketa ezagunenetako bati emanen diote hasiera Bakion: Euskal Bizikleta. Ezin sakandarrik falta, bertan izanen dira Caisse d´Epargneko Imanol Erbiti eta Euskaltel Euskaldiko Jorge Azanza eta Egoi Martinez.Ohi baino motzagoa izanen da Euskal Bizikleta. Izan ere, iaz, talde eta txirrindulari handiak erakartzeko zituzten arazoak ikusita, antolatzaileek itzulia 5 egunetik 3ra laburtzea erabaki zuten.Baina 3 egun horietan gogotik egin beharko dute lan txirrindulariek, berotzeko denborarik gabe, lehen egunetik hasita maldan gora jarriko baitira. Itzuliari hasiera emateko, Bakion hasi eta amaituko den 154,5 kilometroko etapa izanen dute bihar. Lehen etapa horretan, bi aldiz igoko dute 3. mailako Gaztelugatxe. 2. mailako Bizkaiko begiratokia ere izanen dute eta, helmugatik 15 kilometrora, Sollube. Larunbatean Arabara joanen da Euskal Bizikleta, Agurainera. Etapa luzeenean, 162,7 kilometrokoan, 1. mailako Opakua portua izanen dute igotzeko eta 3. mailako Ozazeta. Ohi denez, Eibarretik Arratera bitarteko etapak itxiko du Euskal Bizikleta. 150,7 kilometrotan, 3. mailako Udana, 1. mailako Uxua eta 2. mailako San Miguel igo ondoren, etapa amaitzeko 2 kilometroren faltan, 1. mailako Usartza portua gainditu beharko dute Arraten amaitzeko.13 talde lehiatuko dira Euskal Bizikletan. Erbitiren taldeko lider Rigoberto Urán eta Azanza eta Martinezen taldeko lider Igor Anton daude faboritoen artean. Ziur sakandarrek ere emanen dutela zer esana.