Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiatzaren 31n deitutako batzarrean erabaki zuten TRADISNA (Asociación de Transportistas Autónomos de Navarra) elkarteko txoferrek FENADISMER (Federación de Asociaciones de Transporte de España) elkarteak deitutako grebarekin bat egitea. TRADISNAn Nafarroako garraiolari autonomoak biltzen dira, eta ANET (Asociación Navarra de Empresarios de Transporte por Carretera) elkartean, aldiz, garraiolarien enpresari handiak. TRADISNAko garraiolariek greba deialdia bere egin duten bitartean, ANET-ekoek ez dute adierazpenik egin baina pentsatzekoa da ez dutela babestuko. Guaixek Sakanako kamioilari autonomo batzuekin hitz egiteko aukera izan du eta eurek argi dute grebara joateko arrazoiak inoiz baino argiago daudela. "Gasolioa izugarri garestitu da; horri gehitu behar zaio onartutako tarifa edo prezioetatik behera lan egiten ari diren garraiolariak ere badaudela. Guztiak eztanda egin du eta egoera jasanezina da, penagarria" diote garraiolariek. Gainera, greba ez dago soilik Estatu Espainiarrean deituta, "Europako estatuetan baizik". Grebak izango duen erantzunaz galdetuta, badirudi garraiolari asko geldituko direla. "Beste deialdi batzuekin konparatuta, uste dugu oraingoan gidariak geldituko direla. Egoera oso txarra da, eta konponbideak behar dira" diote. Sektorearen krisiari aurre egiteko, gasolio profesionala arautzea, gidatzeko denboren araudia aldatzea, eta araututako tarifetatik behera lan egiten dutenak zigortzea eskatzen dute garraiolariek, besteak beste. Nolanahi ere, Madrilgo Gobernuarekin dituzten negoziazioetan akordioetara heltzen badira, greba bertan behera utzi dezakete garraiolariek. Bestetik, arrantzaleek deitutako greba laster nabarituko da, arrandegiak berehala geldituko baitira genero freskorik gabe. Badirudi gaur, ostirala, Iruñeko lonja normaltasunez lanean ariko den azken eguna izanen dela, astelehenetik aurrera arrain freskoa ez baita helduko.