EAE-ANVk NaBairi "kritika politikoa kriminalizatzea" egotzi dio

Guaixe 2008ko ekainaren 9a

Agerraldian izan zirenendako "arduradun politikoen eta beraien kudeaketaren kritika politikoa beharrezkoa izateaz gain, NaBaik Sakanan egiten ari denaren aurrean nahitaezkoa da". Gogora ekarri zuten "ilegalizazio guztien gainetik Sakanako lehenengo indar politikoa izan" zela EAE-ANV eta hura "kriminalizatzen saiatzea milaka sakandarren ahotsa zentsuratzen saiatzea" dela. Ezker abertzaleko kideendako "kritika politikoa beldurraraztea dela esateak" bi azalpen ditu: batetik, "kritikaren funtsaren inguruko eztabaidan sartu nahi ez izatea", eta, bestetik, "ezker abertzalea kriminalizatzen saiatzea, bere adierazte askatasuna moztea". Horretarako "PSOEk errepresioa justifikatzeko erabiltzen dituen argudio berdinak erabiltzea" egotzi zion ezker abertzaleak NaBairi. Markoa Ezker abertzaleko eledunek agerraldian esan zutenez, "gaur egungo ukazio markoan, NaBai egoera mantentzearen, kudeatzearen eta espainiar konstituzioa onartzearen alde egin du". Horren aurrean "Euskal Herriarendako Marko Demokratikoa" aldarrikatu zuten. Ziurtatu zutenez "Sakanan ezker abertzalea da presionatua, jazarria eta erreprimitua dagoena. Honen aurrean NaBaik egin duen gauza bakarra onartu eta horretaz aprobetxatu izan da". Koalizioari "gertakariak manipulatuz eta Estatuaren diskurtsoa sustatuz errepresioa justifikatzen saiatzea" egotzi zioten. 3 herriEtxarri Aranatz, Bakaiku eta Ziordiko EAE-Anvren zerrendak legez kanpokotzat jo zirela gogora ekarri ondoren, NaBairi eskatu zioten LOREGaren 182.2 artikulua aplikatzea, "udalen osaketa herritarrek hauteskundeetan adierazi zutenaren araberakoa izateko". Koalizioari "Sakanan alderdien legearen adar exekutatzailea" izatea leporatu zioten. Aldi berean, prentsaren aurrean agertu zirenak "faltsutzat" jo zuten 3 udal horietan zinegotzi ekintzaileen "parte-hartzea berdintasunean" onartzen denik. NaBaiko alkateek hori "ezinezko bihurtu" dutela ziurtatu zuten. SakanaMankomunitateko Euskara Zerbitzuan NaBaik "egiten ari den kudeaketa kritikatzen" jarraitzeko asmoa azaldu zuten. Zerbitzuan gertatzen ari dena "etika politikoaren falta" dela ziurtatu zuten. Salatu zutebez "euskalgintzako eragileen parte hartzea murriztu egin da" eta batzordearen araudia aldatu da "kontrol politikoa areagotzeko". NaBaiko hautetsi bat Euskara Zerbitzuko buru izendatzearen inguruan adierazi zuten "zerbitzua politizatzeko asmoz" egin dela eta hark kudeatuko dituela "araudi aldaketa eta zerbitzuaren kudeaketa egitura berria". Ostiralean ziurtatu zutenez, "Sakanarako duen proiektu politikoa defendatzen jarraituko du eta erabateko gogoa du hura eztabaidatzeko eta publikoki kontrastatzeko". Horrekin batera, "ezker abertzalea Euskal Herriaren eta bere eskubideen errekonozimendua eta eraldaketa soziala lortzeko lanean jarraitu behar du".