Mankomunitatea etxeko konpostagintza sustatu nahi du

Guaixe 2008ko ekainaren 10a

Ontziekin batera, haiek behar bezala erabiltzeko, boluntarioek konpostagintzarako liburuxka eta prestakuntza-tailerra jasoko dute. Hori bai, konpostagailua eskuratu nahi dutenek baldintza batzuk bete beharko dituzte: helbidea Sakanako herriren batean izatea; gutxienez 50 metro karratuko azalera duen baratza edo lorategia izatea eta konposta egiteko konpromisoa hartzea. Ikastetxeen kasuan, eskola baratza edota berdegune handia eta eskola-jantokia izan beharko dute. Gainera, ikastetxeak konpostaren inguruko guztia dinamizatuko duen arduradun bat izendatu beharko du eta ikastetxean konposta egiteko konpromisoa hartu beharko du. 44 boluntario baino gehiago aurkeztuz gero zozketa bidez emanen dira ontziak. KonpostaMigel Angel Zubiriak azaldu zuenez, Sakanako Mankomunitateak jasotako hondakinen azterketa egin zuen eta agerian utzi zuen ibarrean bildutakoaren %40 eta %50 artean materia organikoa dela. Mankomunitateko presidentearendako "materia hori baliagarria bihur daiteke konpostajearen bidez". Konposta janari-hondakinak eta lorategiko kimatzeak bezalako materia organikoaren deskonposizio naturalaren ondorioa da, hain zuzen ere, organismo deskonposatzaileek (bakterioak eta onddoak) eta animalia detritiboroek eragindako deskonposizioaren ondorioa. Hondakin horiek ongarri bihurtzen dira, bildu eta tratatu behar diren gaien bolumena murriztu egiten da. Bestelako onurak ere aipatu zituen Zubiriak agerraldian: kalitate bikaineko ongarri naturala da, eta ondorioz, ongarri kimikoak ordezkatu eta baratzaren zein lorategiaren zikloa ixten du, landareentzako mantenugaiak berreskuratuz; landatutako produktuak osasungarriagoak izatea dakar horrek, bai eta gure landatzeko modua ekologikoagoa izatea ere eta, azkenik, ureztatzeko ura aurrezten du.Ostiraleko agerraldian, Migel Angel Zubiriak eskerrak eman zizkion Iruñerriko Mankomunitateari emandako laguntzagatik. Erakunde horrek argibide esku-orria eta prozesua abiarazteko konpost oinarria eman duelako.