Sakandarrak I. Anboto Gara, Kilometro Bertikala proba gogorrean

Guaixe 2008ko ekainaren 10a

Brinean Mendi Lasterketa Elkarteak antolatuta, igandean jokatu zen, Atxondoko Arrazolan, I. Anboto Gara Kilometro Bertikala mendi lasterketa. Oso ibilbide gogorra, malkartsua, baina aldi berean ikusgarria izan zen, mendi korrikalariek aipatu zuten bezala. Izan ere, 5 kilometro baino gutxiagoko proba zen, baina 1.100 metroko desnibelekoa. Fresko eta grisa zegoen eta bazirudien euria eginen zuela, baina azkenean probak iraun bitartean ateri egon zen, nahiz eta proba erdian baino gehiago lainoa presente egon. Gainera, lohiak asko zaildu zuen korrikalarien lana, eta une batzuetan lau hankatan aritu ziren. Nahiz eguraldiak ez lagundu, ikusle asko bildu zen Anbotoren magaletan, korrikalariek egindako lana txalotzera.Traba guztien gainetik, korrikalarien markak onak izan ziren. Ia korrikalari guztiek ordu bete baino gutxiagoan osatu zuten proba. Aipatzekoa, halaber, Raul Garcia irabazlearen marka: 42:22. Gogoratu Garciak maiatzean jokatutako Zegama-Aizkorri maratoian Europako txapeldunorde titulua lortu zuela. Horrela, segoviarra zen faboritoa eta ez zuen huts egin, hasierako metroetatik nabarmendu baitzen. Emakumeetan Durangoko Alicia Romero izan zen azkarrena (54:28). Sakandarrei dagokienez, Jose Antonio Salgado altsasuarra 74.a izan zen (0:56:01), zazpigarrena gizonezkoen beterano mailan. Jone Pelaez altsasuarra 154. tokian sartu zen helmugara (1:08:58), emakumezkoen beteranoetan laugarrena sailkatu zen, (1:08:58). Eta Peio Goikoetxea altsasuarra 168.a izan zen (1:22:23), gizonezkoen beteranoen mailan 25.a.