Garraiolarien grebaren arrastoa

Guaixe 2008ko ekainaren 12a

Horren isla, ibarreko errepide eta autobideetan kamioiak apenas ikusi izana asteazken gauera arte. Izan ere, asteazkenean, Espainiako Gobernuak segurtasun indarrak bidali zituen Irunera eta Junquerara, mugak zabalduz. Horrela, bertan geldituta zeuden gidari batzuk, atzerritarrak gehienak, Estatuan sartu ziren. Asteazkenean Espainiako Gobernuak eta sektoreko patronalek 54 konpentsazio-neurri jasotzen dituen agiria adostu zuten. Bitartean, estatuan greba deitu duten garraiolarien elkarteek (Fenadismer, Confetrans eta Antic) greba deialdiari eusten diote. Lan egiteagatik gutxieneko tarifa bat ezartzea aldarrikatzen dute. Txoferrek deitutako protesten artean, Olaztitik Iruñera bitarteko kamioi karabana batek Sakana zeharkatu zuen atzo, Iruñea sarreran trafiko erretentzioak sortuz.Txoferrak greban, errepidean dabiltzan kamioi bakanak atzerritarrak dira, gehien bat. Gainera, Frantziako garraiolariek greba deialdia aurreratu dute eta gaur, ostiralean, geldituko dira. ErregaiaAuto gidarien grebak luze joko duen beldur, ibilgailuen erregai-gordailuak goraino betetzen ahalegindu dira herritarrak. Horrek ekarri du zenbait gasolindegitan zenbait erregai mota ezin eskaini ahal izatea. A-1 autobiaren ondoan dagoen Altsasuko zerbitzu estazio batean esan digutenez asteazkenera arte "dena geldi egon da, ez da batere mugimendurik egon". Hiriberriko gasolindegitik jakinarazi digute asteburuan jende pila joan zitzaiela autoen gordailuak betetzera, "psikosi pixka bat zegoen". Gidarien joan etorria asteartera arte nabaritu zuten. Astean zehar kamioirik ez dutela ikusi esan digute. Azkenik, larunbatean biltegiak bete zituztenez arazorik ez dutela ziurtatu digute Hiriberrin. DendakJakiak dira garraioaren menpe dagoen beste oinarrizko elementu bat. Galdetu dugun janari dendetan esan digutenez banatzaileak lan egin dute eta hornituak daude. Normal aritu dira, baina eskasia pixka bat nabaritu izan dutela esan digute Etxarrin eta Ziordian. Irurtzungo dendari batek esan digu produktu freskoa erosten duen kooperatiban eskasia nabaritzen hasi dela. Zenbait dendatan, bestalde, produktu freskoen balda huts batzuk ikusi dira.Harategietan ere grebaren eragina txikia izan da, ibarreko harakin askok Etxarriko hiltegian hiltzen dituztelako txekorrak eta arkumeak. Oilasko eta txerriki banatzaileek ere astean zehar normal lan egin dutela esan digute Lakuntzan eta Altsasun. Arrandegiei egoerak bi aldetik eragin die, arrantzuntziak portuan geldi egon direlako eta garraio grebagatik. Etxarrin esan digutenez tarteka zerbitzatu diete, eta aukera gutxi badago ere, arraia salgai badagoela. Azkenik, Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun asteroko azokak normaltasunez egin ziren. EnpresakLantegietan normaltasunez lan egin izan dute lan uztearen lehen egunetan, enpresak aurretik ederki hornitu zirelako. Hala jakinarazi digute Sakanan errotuta dauden sindikatuetako ordezkariek. Beraiek ere aurreratu digute arazoak heldu den astetik aurrera sortuko direla, grebak jarraitzen badu. Stockik ez duten enpresetan, ordea, grebaren eragina hasieratik nabaritu da. Hori da Kataforesis Recindsa S.A.ren kasua. Autogintzako materialak ekoizten ditu enpresa altsasuarrak. Ostegunetik asteartera bitartean oporrak dituzte langileek. Erabakia zuzendaritzak eta enpresa batzordeak adostuta hartu dute. Greba luzatzen bada aldeak berriro bildu beharko dira egoera aztertzeko.