Elizak ondasunak bere izenean erregistratzea

Artzapezpikutzak 66 ondasun bere izenean erregistratu ditu

Guaixe 2008ko eka. 12a, 00:00

Hala jakinarazi du Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataformak.

Azken 10 urteetan Artzapezpikuak Sakanako 59 eraikin erlijioso eta beste 9 ondasun bere izenean jarri ditu. Hala eman zuen jakitera asteazkenean Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataformak. Herrialdean, guztira, 932 ondasun dira plataformaren arabera eliza katolikoko buruek erregistroan jaso dituztenak.

Nafarroako 114 udal eta kontzeju dira plataformak sustatu zuen Burlatako adierazpenarekin. Haiek ordezkatzen dituen Alkateen Batzordeak Nafarroako Parlamentuari eskatu zion Artzapezpikutzak bere izenean jarritako ondasunei buruzko informazioa eskuratzeko. Parlamentuak Justizia Ministerioarekin harremanetan jarri ondoren lortu du asteazkenean publiko egin zuen zerrenda.

Plataformako ordezkariendako Artzapezpikutzak ondasun horiek bere izenean jartzeko erabili duen 206 artikulua "konstituzioaren kontrakoa da". Aldi berean, plataformak eskatuko dio Nafarroako Parlamentuari Justizia Ministeriora jo eta diozesiak 1936 eta 1998 urteen artean bere izenean jarritako ondasunen zerrenda osatzeko. Horrekin batera Parlamentuari "Nafarroako ondarearen aldeko jarrera argiagoa" izateko eskatu zion. Bestalde, plataformak aurreratu zuen bere jardunarekin segitu ahal izateko diru laguntza eskatuko diela udalei.

Sakana
Asteazkenean jakinarazitakoaren arabera Artzapezpikutzak azken 10 urtetan bere izenean jarri dituen Sakanako ondasunak Iruñeko 8. zenbakiko jabego-erregistroan daude bilduak. Plataformako kideek ez zuten haiek inskribatu ziren data zehaztu. Plataformak azken 10 urteetan Artzapezpikutzak erregistratutako ondasunen zerrenda horretatik kanpo daude ibarreko 14 erlijio-eraikin. Horien kasuan gerta liteke aurretik erregistratuta egotea edo oraindik inork erregistratu ez izatea. Sakandarrak prozesioan joaten diren Ergako Trinitatea eta Atondoko Oskia ermita ere ez dira zerrenda horretan ageri.

Udalerrika
Arakilgo 12 herrietako elizez gain, plataformak jakitera eman duenez, Aizkorben, Kaskallu aldeko larrea eta Izurdiagako finka bat bere izenean izenpetu ditu Artzapezpikutzak. Plataformak zabaldutako zerrendan ez dira ageri: arakildarrak prozesioan joaten diren Atondoko Oskiako ermita; Egiarretako Itxasperri ermita; Ekaiko San Lorenzo ermita; Satrustegiko San Esteban eta Santa Barbara ermitak; Hiriberriko San Antonio eta Berasategiko Andra Mari ermitak eta Ihabarko San Juan ermita.

Asteazkenean jakinarazitakoaren arabera, Irurtzungo eliza ere Artzapezpikuak bere izenean jarri du. Plataformak zabaldutako zerrendan, ordea, ez da ageri Ergako Trinitatea, hainbat ibarretako biztanleak erromerian biltzen dituena. Irañetari dagokionez, eliza eta bi ermitak, San Pedro eta San Migel berri erregistratu ditu. Herri sarreran dagoen San Gregorio ermita, ordea, ez da zerrendan ageri.

Uharte Arakilen Artzapezpikutzak 13 ondasun bere izenean erregistratu ditu plataformak zabaldu duenez. Elizarekin batera, Santa Luzia, San Bartolome, San Bizente, San Donato eta Zamartzeko ermitak izenpetu ditu, baita Zamartzaldeko bi etxebizitza eta 5 finka ere. Plataformak zabaldutako zerrendan Uharte Arakilen dagoen Aralarko santutegia ez dago.

Arruazuko eliza eta San Pedro ermita ere ageri dira Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataformak zabaldutako zerrendan. Lakuntzako eliza eta San Antonio eta San Sebastian ermitan ere badaude. Baita Arbizuko eliza eta San Juan ermita ere.

Artzapezpikutzak 1998az geroztik bere izenean erregistratutako ondasunak ere badaude Ergoienan. Hiru herrietako elizez gain, Unanuko San Andres ermita eta Lizarragako San Migel, San Donato, San Martin eta San Adrian ermitak. Plataformak publiko egindako zerrenda horretan ez dira ageri Dorraoko San Juan, San Pedro eta Santo Tomas ermiten aipamenik.

Etxarri Aranazko elizarekin batera, San Gregorio eta Konzezio ermitak bere izenean erregistratu ditu Artzapezpikutzak azken 10 urteetan. Zerrenda horretan Andra Mari eta San Adrian ermitak faltako lirateke. Bakaikun, berriz, elizarekin batera izenpetuak izan dira Santiago eta San Benito ermitak. Bakaikuk Iturmendirekin elkar banatzen duen Santa Marina ermita ez da plataformaren zerrendan ageri. Bai, ordea, Iturmendiko eliza eta San Pedro, Aitzaga eta Pilareko ermitak.

Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataformak asteazkenean jakinarazi zuenez, Artzapezpikutzak azken 10 urteetan bere izenean jarri dituen ondasunen artean Urdiaingo eliza eta Aitziber, San Juan eta San Pedro ermitak daude. Eraikin horren aipamena bitxia da, jakina baita Urdiainek eta Altsasuk erabiltzen dutela eta herri bakoitzak bere atea duela ere. Bada, ermita Urdiainen erregistratuta dago, ez horrela Altsasun. Azken herri horretan elizarekin batera Otadiko Kristo Deuna ermita erregistratu du Artzapezpikutzak. Ez, ordea, aipatutako San Pedro, San Juan eta Erkudengo ermitak.

Artzapezpikuak bere izenean Olatzagutian erregistratu dituen ondasunak eliza eta San Sebastian ermita dira, beti ere, plataformaren arabera. Azkenik, Ziordian eliza eta Milagro ermita izenpetu ditu Artzapezpikuak.

 

Iruñeko 8. zenbakiko jabego-erregistroan    
Udalerria Herria    Ondasuna   
Arakil - Aizkorbe    S. Andrés parrokia  
Arakil - Aizkorbe    Kaskalluko larrea
Arakil - Urritzola    S. Pedro parrokia   
Arakil - Errotz        S. Babil parrokia   
Arakil - Izurdiaga   S. Juan Bautista parrokia   
Arakil - Izurdiaga   Lursaila   
Arakil - Etxeberri   Sta. Maria parrokia 
Arakil - Egiarreta   S. Antonio Abad parrokia  
Arakil - Etxarren    S. Vicente parrokia   
Arakil - Ekai          S. Andrés parrokia 
Arakil - Zuhatzu     S. Martin parrokia   
Arakil - Satrustegi  S. Miguel parrokia   
Arakil - Hiriberri     S. Martin parrokia   
Arakil - Ihabar       S. Esteban parrokia   

Irurtzun    S. Martin parrokia   

Irañeta    S. Juan parrokia   
Irañeta    Zabal S. Pedro ermita  
Irañeta   S. Miguel Berri ermita  

Uharte Arakil    Zamarzalden lursaila   
Uharte Arakil    Zamarzalden lursaila   
Uharte Arakil    Zamarzalden lursaila    
Uharte Arakil    Zamarzalden lursaila    
Uharte Arakil    Zamarzalden lursaila     
Uharte Arakil    S. Juan parrokia  
Uharte Arakil    Zamartze ermita   
Uharte Arakil    Zamartzealdeko etxebizitza  
Uharte Arakil    Zamartzealdeko etxebizitza   
Uharte Arakil    Sta. Lucia ermita
Uharte Arakil    S. Bartolome ermita   
Uharte Arakil    S. Vicente ermita   
Uharte Arakil    S. Donato ermita 

Arruazu    La Asunción parrokia
Arruazu    S. Pedroko ermita   

Lakuntza    S. Salvador parrokia  
Lakuntza    S. Sebastian ermita   
Lakuntza    S. Antonio ermita   

Arbizu    Sta. Maria eliza  
Arbizu    Aldabea ermita   

Ergoiena - Lizarraga    S. Clemente parrokia  
Ergoiena - Lizarraga    S. Miguel ermita   
Ergoiena - Lizarraga    S. Martin ermita   
Ergoiena - Lizarraga    S. Donato ermita   
Ergoiena - Lizarraga    S. Adrian ermita   
Ergoiena - Dorrao       La Asunción parrokia  
Ergoiena - Unanua      S. Pedro parrokia  
Ergoiena - Unanua      S. Andres ermita  

Etxarri Aranatz    Santa Maria parrokia  
Etxarri Aranatz    Kontzetzio ermita
Etxarri Aranatz    S. Gregorio ermita   

Bakaiku    S. Juan parrokia     
Bakaiku    Santiago ermita   
Bakaiku    S. Benito ermita  

Iturmendi    S. Miguel parrokia  
Iturmendi    Pilareko ermita   
Iturmendi    S. Pedro ermita    
Iturmendi    Aitzaga ermita   

Urdiain    Aitziberko ermita   
Urdiain    S. Pedro ermita   
Urdiain    S. Juan ermita   
Urdiain    La Asunción parrokia  

Altsasu    Otadiko Kristo Deuna ermita   
Altsasu    La Asunción parrokia  

Olatzagutia    S. Sebastian ermita   
Olatzagutia    S. Miguel parrokia   

Ziordia    La Asunción parrokia   
Ziordia    Milagro ermita