Azken 10 urteetan Artzapezpikuak Sakanako 59 eraikin erlijioso eta beste 9 ondasun bere izenean jarri ditu. Hala eman zuen jakitera asteazkenean Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataformak. Herrialdean, guztira, 932 ondasun dira plataformaren arabera eliza katolikoko buruek erregistroan jaso dituztenak.
Nafarroako 114 udal eta kontzeju dira plataformak sustatu zuen Burlatako adierazpenarekin. Haiek ordezkatzen dituen Alkateen Batzordeak Nafarroako Parlamentuari eskatu zion Artzapezpikutzak bere izenean jarritako ondasunei buruzko informazioa eskuratzeko. Parlamentuak Justizia Ministerioarekin harremanetan jarri ondoren lortu du asteazkenean publiko egin zuen zerrenda.
Plataformako ordezkariendako Artzapezpikutzak ondasun horiek bere izenean jartzeko erabili duen 206 artikulua "konstituzioaren kontrakoa da". Aldi berean, plataformak eskatuko dio Nafarroako Parlamentuari Justizia Ministeriora jo eta diozesiak 1936 eta 1998 urteen artean bere izenean jarritako ondasunen zerrenda osatzeko. Horrekin batera Parlamentuari "Nafarroako ondarearen aldeko jarrera argiagoa" izateko eskatu zion. Bestalde, plataformak aurreratu zuen bere jardunarekin segitu ahal izateko diru laguntza eskatuko diela udalei.
Sakana
Asteazkenean jakinarazitakoaren arabera Artzapezpikutzak azken 10 urtetan bere izenean jarri dituen Sakanako ondasunak Iruñeko 8. zenbakiko jabego-erregistroan daude bilduak. Plataformako kideek ez zuten haiek inskribatu ziren data zehaztu. Plataformak azken 10 urteetan Artzapezpikutzak erregistratutako ondasunen zerrenda horretatik kanpo daude ibarreko 14 erlijio-eraikin. Horien kasuan gerta liteke aurretik erregistratuta egotea edo oraindik inork erregistratu ez izatea. Sakandarrak prozesioan joaten diren Ergako Trinitatea eta Atondoko Oskia ermita ere ez dira zerrenda horretan ageri.
Udalerrika
Arakilgo 12 herrietako elizez gain, plataformak jakitera eman duenez, Aizkorben, Kaskallu aldeko larrea eta Izurdiagako finka bat bere izenean izenpetu ditu Artzapezpikutzak. Plataformak zabaldutako zerrendan ez dira ageri: arakildarrak prozesioan joaten diren Atondoko Oskiako ermita; Egiarretako Itxasperri ermita; Ekaiko San Lorenzo ermita; Satrustegiko San Esteban eta Santa Barbara ermitak; Hiriberriko San Antonio eta Berasategiko Andra Mari ermitak eta Ihabarko San Juan ermita.
Asteazkenean jakinarazitakoaren arabera, Irurtzungo eliza ere Artzapezpikuak bere izenean jarri du. Plataformak zabaldutako zerrendan, ordea, ez da ageri Ergako Trinitatea, hainbat ibarretako biztanleak erromerian biltzen dituena. Irañetari dagokionez, eliza eta bi ermitak, San Pedro eta San Migel berri erregistratu ditu. Herri sarreran dagoen San Gregorio ermita, ordea, ez da zerrendan ageri.
Uharte Arakilen Artzapezpikutzak 13 ondasun bere izenean erregistratu ditu plataformak zabaldu duenez. Elizarekin batera, Santa Luzia, San Bartolome, San Bizente, San Donato eta Zamartzeko ermitak izenpetu ditu, baita Zamartzaldeko bi etxebizitza eta 5 finka ere. Plataformak zabaldutako zerrendan Uharte Arakilen dagoen Aralarko santutegia ez dago.
Arruazuko eliza eta San Pedro ermita ere ageri dira Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataformak zabaldutako zerrendan. Lakuntzako eliza eta San Antonio eta San Sebastian ermitan ere badaude. Baita Arbizuko eliza eta San Juan ermita ere.
Artzapezpikutzak 1998az geroztik bere izenean erregistratutako ondasunak ere badaude Ergoienan. Hiru herrietako elizez gain, Unanuko San Andres ermita eta Lizarragako San Migel, San Donato, San Martin eta San Adrian ermitak. Plataformak publiko egindako zerrenda horretan ez dira ageri Dorraoko San Juan, San Pedro eta Santo Tomas ermiten aipamenik.
Etxarri Aranazko elizarekin batera, San Gregorio eta Konzezio ermitak bere izenean erregistratu ditu Artzapezpikutzak azken 10 urteetan. Zerrenda horretan Andra Mari eta San Adrian ermitak faltako lirateke. Bakaikun, berriz, elizarekin batera izenpetuak izan dira Santiago eta San Benito ermitak. Bakaikuk Iturmendirekin elkar banatzen duen Santa Marina ermita ez da plataformaren zerrendan ageri. Bai, ordea, Iturmendiko eliza eta San Pedro, Aitzaga eta Pilareko ermitak.
Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataformak asteazkenean jakinarazi zuenez, Artzapezpikutzak azken 10 urteetan bere izenean jarri dituen ondasunen artean Urdiaingo eliza eta Aitziber, San Juan eta San Pedro ermitak daude. Eraikin horren aipamena bitxia da, jakina baita Urdiainek eta Altsasuk erabiltzen dutela eta herri bakoitzak bere atea duela ere. Bada, ermita Urdiainen erregistratuta dago, ez horrela Altsasun. Azken herri horretan elizarekin batera Otadiko Kristo Deuna ermita erregistratu du Artzapezpikutzak. Ez, ordea, aipatutako San Pedro, San Juan eta Erkudengo ermitak.
Artzapezpikuak bere izenean Olatzagutian erregistratu dituen ondasunak eliza eta San Sebastian ermita dira, beti ere, plataformaren arabera. Azkenik, Ziordian eliza eta Milagro ermita izenpetu ditu Artzapezpikuak.
Iruñeko 8. zenbakiko jabego-erregistroan
Udalerria Herria Ondasuna
Arakil - Aizkorbe S. Andrés parrokia
Arakil - Aizkorbe Kaskalluko larrea
Arakil - Urritzola S. Pedro parrokia
Arakil - Errotz S. Babil parrokia
Arakil - Izurdiaga S. Juan Bautista parrokia
Arakil - Izurdiaga Lursaila
Arakil - Etxeberri Sta. Maria parrokia
Arakil - Egiarreta S. Antonio Abad parrokia
Arakil - Etxarren S. Vicente parrokia
Arakil - Ekai S. Andrés parrokia
Arakil - Zuhatzu S. Martin parrokia
Arakil - Satrustegi S. Miguel parrokia
Arakil - Hiriberri S. Martin parrokia
Arakil - Ihabar S. Esteban parrokia
Irurtzun S. Martin parrokia
Irañeta S. Juan parrokia
Irañeta Zabal S. Pedro ermita
Irañeta S. Miguel Berri ermita
Uharte Arakil Zamarzalden lursaila
Uharte Arakil Zamarzalden lursaila
Uharte Arakil Zamarzalden lursaila
Uharte Arakil Zamarzalden lursaila
Uharte Arakil Zamarzalden lursaila
Uharte Arakil S. Juan parrokia
Uharte Arakil Zamartze ermita
Uharte Arakil Zamartzealdeko etxebizitza
Uharte Arakil Zamartzealdeko etxebizitza
Uharte Arakil Sta. Lucia ermita
Uharte Arakil S. Bartolome ermita
Uharte Arakil S. Vicente ermita
Uharte Arakil S. Donato ermita
Arruazu La Asunción parrokia
Arruazu S. Pedroko ermita
Lakuntza S. Salvador parrokia
Lakuntza S. Sebastian ermita
Lakuntza S. Antonio ermita
Arbizu Sta. Maria eliza
Arbizu Aldabea ermita
Ergoiena - Lizarraga S. Clemente parrokia
Ergoiena - Lizarraga S. Miguel ermita
Ergoiena - Lizarraga S. Martin ermita
Ergoiena - Lizarraga S. Donato ermita
Ergoiena - Lizarraga S. Adrian ermita
Ergoiena - Dorrao La Asunción parrokia
Ergoiena - Unanua S. Pedro parrokia
Ergoiena - Unanua S. Andres ermita
Etxarri Aranatz Santa Maria parrokia
Etxarri Aranatz Kontzetzio ermita
Etxarri Aranatz S. Gregorio ermita
Bakaiku S. Juan parrokia
Bakaiku Santiago ermita
Bakaiku S. Benito ermita
Iturmendi S. Miguel parrokia
Iturmendi Pilareko ermita
Iturmendi S. Pedro ermita
Iturmendi Aitzaga ermita
Urdiain Aitziberko ermita
Urdiain S. Pedro ermita
Urdiain S. Juan ermita
Urdiain La Asunción parrokia
Altsasu Otadiko Kristo Deuna ermita
Altsasu La Asunción parrokia
Olatzagutia S. Sebastian ermita
Olatzagutia S. Miguel parrokia
Ziordia La Asunción parrokia
Ziordia Milagro ermita