Sakandarrak Zarauzko triatloian eta Donostiako III. Sprint triatloian

Guaixe 2008ko ekainaren 16a

Triatletek bi zita inportante izan dituzte asteburuan. Larunbatean Zarauzko XXII. Triatloia proba gogorra jokatu zen. 500 kirolari inguruk hartu zuten parte, eta egin beharreko lana ez zen txantxetakoa: lehenik 2,5 km igeri, gero 80 km bizikletan, eta, bukatzeko, 20 km korrikan. Distantzia olinpiko bikoitzeko proba zen, distantzia honetako Euskadiko txapelketa, hain zuzen. Irabazlea, sekulako lezioa emanez, SVC Seguridad taldeko Eneko Llanos gasteiztarra izan zen (3:51:23). Enekok 1:27ko denbora atera zion bigarrenari, anaia eta taldekidea duen Hektor Llanosi. Eneko Llanos seigarren aldiz izan da proba honetako irabazlea, eta larunbatean, gainera, errekor berria ezarri zuen. Emakumezkoetan Ipar Kutxa taldeko Virginia Berasategi izan zen azkarrena (4:29:41). Sakandarrek ere eman zuten eurena. Lakuntzan bizi den Nafarroako Unibertsitate Publikoa taldeko Jose Ignacio Mikeo 117.a sartu zen (4:46:34), eta Sakana Triatloi Taldeko hiru partehartzaileek ondoko denborak egin zituzten: Mikel Lakuntza arbizuarra 160.a izan zen (4:53:21), Alberto Martinez etxarriarra 197.a (4:59:45), eta Juantxo Azurmendi altsasuarra 275.a (5:14:21). Taldeka, SVC SEguridad izan zen jaun eta jabe (12:23:34). Sakana Triatloi Taldea 34.a sailkatu zen (16:07:27). Berdud, Mozo eta Saizar, Donostiako sprint triatloian kadete onenakLarunbatean distantzia olinpiko bikoitzeko proba luzea jokatu bazen, igandean, aldiz, triatloi proba azkarra antolatu zen Donostian, III. Gipuzkoa Tecnun Sprint Triatloia. Irteera hartu zuten 300 triatletek 0,75 km igerian, 20 km txirrindulan eta 5 km korrikan osatu behar izan zituzten. Irabazlea Australiako Selekzioko Jamie Rhodes izan zen (0:57:06). Sakana Triatloi Taldeko hiru triatloi sakandar gazte lehiatu ziren. Urko Berdud altsasuarra 8.a heldu zen helmugan (1:02:29), eta Aitor Mozo lakuntzarra 58.a (1:08:50): Berdud mutilen kadete mailan lehena izan zen, eta Mozo laugarrena. Emakumezkoetan Nuria Blanco izan zen garailea (1:06:33), eta bigarrena Sakana Triatloi Taldeko Judit Saizar (1:07:00). Saizar, gainera, nesken kadete mailako lehena izan zen.