Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean jokatu zen Aizkorri, Anboto eta Gorbeia batzen dituen XVI. Hiru Haundiak oinezko iraupen handiko mendiz mendiko proba, Manuel Iradier Txango Elkarteak antolatuta. Guztira 102 km ditu Zalduondon hasi eta Otxandion despeditzen den proba gogor eta ikusgarri honek, eta guztira pilatutako desnibela 9.000 metrokoa da. 985 pertsonak hartu zuten irteera ostiralean, gaueko 12:00etan, eta 650ek lortu zuten larunbatean Otxandiora heltzea. Batzuek korrika osatzen dute ibilbidea, eta beste batzuek oinez. 985 parte hartzaileetatik 50 emakumezkoak ziren, eta 935 gizonezkoak. Sakandarren primerako lanaBada, proba egiten lehen emakumezkoa Jone Pelaez altsasuarra izan zen, lan guztiak 17 ordu, 5 minutu eta 38 segundotan eginda (Probako sailkapen orokorrean 84.a izan zen). Pelaez ezin hobeki aritu zen korrika, indarrak modu egokian dosifikatuz, eta ordu bat eta 5 minutu pasako tartea atera zion bigarren emakumeari, Eva Garciari. Dantzaleku-Sakanako mendi taldeko altsasuarra kontentu zegoen egindako lanarekin. "Laino asko zegoen eta zenbait zatitan zailtasunak zeuden, egurra atera ondoren bidea adarrez josia baitzegoen, baina pozik nago egindako ahalegin eta lanarekin" zioen probako lehen emakumeak. Maitane Txueka Marin arbizuarra 15. tokian heldu zen helmugara (21:38:30), oinez ibilbide ederra osatu eta gero. Probako sailkapen orokorrean 403.a izan zen. Gizonezkoetan lehena Joxe Luis Albizuri izan zen. Soilik 11 ordu, 57 minutu eta 11 segundo behar izan zituen Aizkorri, Anboto eta Gorbeia korrika batzeko; marka ederra, beraz. Ander Unzurrunzaga etxarriarrak korrika osatu zuen bidea eta 32.a heldu zen Otxandiora (15:29:48), marka onarekin. Migel Angel Ubedak korrika egin zuen bidea eta 307.a heldu zen helmugara (20:36:26).