Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
30 urte beteko dira German hil zutela. Hori dela eta erakusketa bat antolatu dute Burlatako Kultur Etxean. 25 artistaren lanak daude ikusgai ekainaren 16tik 29ra.Erakusketaren asmoa German omentzea eta San Fermin haietan gertatutakoaren ardura eskatzea da. Egun hartako hainbat pasarte eta bizipen kontakizun ofizialetatik kanpo geratu dira; horren adibide, lekuko izan ziren artista batzuen lanak: Mintxo Garaikoetxea, Javier Villarreal, Rosa Silva, Xabier Morrás...Ikus daitezkeen lanak teknika eta estilo anitzekoak dira. Margolanekin bat, serigrafia, inpresio, transferentzia eta argazkiak, eskulturak eta instalazioak daude.Jabier Villarrealek larruzko poltsa eta bota pare bat jarri ditu lurrean kokatutako inpresio baten gainean. Kartografia odoldu baten gainean galdutako ondasun xume batzuen presentziak efektu hunkigarria sortzen du, Lehen Mundu Gerrako irudien pareko.Morrasek berriz Germanen erretratuarekin lan egin du. Plumaz edo arkatzez egindako irudia kolore biziz zipriztindu du, bortitz eta leun aldi berean, bizitza eta heriotza gainjarriaz, nahastu gabe.Oso bestelakoa da Nerea de Diegok proposatzen duena. Artista gazteak hilarria eta arte publikoaren ideia lotzen ditu, bai eta souvenirraren kontzeptua eta gertakariak ere, planteamendu estetiko bikoitz batean aurkeztuz.Arte lanekin batera historialari, bertsolari, kazetari etab.en testuak paratu dituzte hormetan, bertso, olerki edo narrazio gisa. Guzti hau 25 postalez osatutako liburu formako paketean bildu dute eta salgai dago aretoan bertan. Diruarekin Iruñeko Udalari Herri Ekimen honek jarriko dion mozioari aurre egingo zaio.Miren Ustarroz