Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lan hitzarmena negoziatzerakoan ezadostasunak daude mankomunitatearen eta langileen artean. Hori dela eta deitu dute langileek heldu den asterako greba. Horretaz gain, asteazkenean ordu erdiko bilkura egin zuten mankomunitateko egoitzaren aurrean, "lan hitzarmen duina" eskatuz. Aurreikusitakoez gain beste neurri batzuk hartzea ere ez dute baztertzen langileek. AldeakELA sindikatutik adierazi digutenez, langileek 2 urterako lan hitzarmena eskatzen dute eta urte bakoitzean kontsumo prezioen indizea (KPI) gehi %2ko soldata igoera. Sakanako Mankomunitatearen eskaintza, aldiz, 3 urterako lan hitzarmena da. Soldata igoerak Lehen urtean KPI +%0,15, bigarrenean KPI+%025 eta hirugarrenean KPI+0,4koa litzateke. ELAtik esan dutenez, "mankomunitateak bere egin dezake langileen eskaera. Langileendako kopuru garrantzitsua da baina mankomunitatearendako 5.000 bat euro dira urtean". Eskaera horiekin langileek haien "erosteko ahalmenari eutsi" nahi diotela azaldu zuten. Horrekin batera, "bi aldeendako ona den akordioa" lortzearen alde agertu ziren. Langileen ordezkariak kexu azaldu ziren 5 hilabete daramatelako negoziatzen eta mankomunitateko arduradunen "borondate falta eta harrokeria" salatu zuten. Ibarreko erakundeko buruak, bestalde, nabarmendu zuen "azken urteetan mankomunitateak ahalegin handia egin du soldatak egokitzen eta orain sektorekoen gainetik daude". Langileen ordezkariak hori ukatu egin du. Mankomunitatetik eskatutako gutxieneko zerbitzua greba egunetan kamioi bat lanean ibiltzea eta hondakindegian pertsona bat egotea zen. Langileendako, aldiz, "gehiegizkoa" da eskaera eta ez da bilketarik izanen. ZerbitzuaHondakinen bilketan 20 langile aritzen dira Sakanan. Haietako bi funtzionarioak dira eta ez ditu lan hitzarmen horrek hartzen. Gainontzekoek lan kontratu ezberdinak dituzte mankomunitatearekin. Astelehenetik ostegunera 3 kamioi (gidaria eta 2 langile bakoitzean) aritzen dira ibarrean hondakinak jasotzen. Ostiraletan beste bat gehitzen zaie eta larunbatetan kamioi bakarra aritzen da hondakinak jasotzen. Horretaz gain, langile bat puntu berde mugikorraz arduratzen da eta beste bik dendetatik kartoia jasotzen dute. Hondakindegian, aldiz, arduraduna, pala gidaria eta Azkoienera joaten diren ontziak sailkatu eta garbitzen dituen langilea aritzen dira. DeiaMankomunitateko presidente Migel Angel Zubiriak "ahalegin bat egiteko" eskatu zien sakandarrei eta grebak irauten duen egunetan "hondakinak etxean gordetzeko" eskatu zuen. Zubiriak esan zuenez, "tenperatura altuekin usain txarrak sortu daitezke, eta edukiontziek gainezka egiten badute txakurrek poltsak hautsi eta hondakinak kaleetan zabaldu ditzakete".