Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bi etxarriar ariko dira zabalik dauden bi turismo bulego horietan, Etxarrikoan Maria Saez de Albeniz eta Altsasukoan Kitz Mendiola. Irurtzunen ere beste bulego bat zabaltzekoa da mankomunitatea, baina kultur etxean kokatzearen aukera ez da mankomunitatearen gustukoa eta tokia egokiago baten bila dabil Irurtzungo Udala. Irurtzungo turismo bulegoaz Garazi Artola altsasuarra arduratuko da. Guztiak ere aurretik Plazaola partzuergo turistikoan trebatzen izan dira. Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiriak jakitera eman digunez "bulegoak zabaltzeko, web orria eta esku-orriak egiteko Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso dugu". Zubiriak ere aurreratu du iaz partzuergoak argitaratu zuen aldizkaria egokitu eta aurten, atzera ere, berrargitaratuko dela. Horretaz gain, heldu den urterako beste argitalpen bat aurreikusi du. Altsasuko etorkizuneko bulegoaMigel Angel Zubiriak jakinarazi du mankomunitatea, Altsasuko Udala eta Turismo Departamentua harremanetan daudela Altsasura bi lokomotora ekartzeko. Mankomunitateko buruak esan digunez, "Altsasurendako erakargarri turistikoa izanen litzateke". Enajenacion de Material Ferroviario S.A. (Emfesa) enpresarekin harremanetan dago Sakanako Mankomunitatea 60. hamarkadako 279 modeloko lokomotora erosteko. 30.000 euro inguruko balioa du eta ondoren zaharberritu beharko litzateke. "Horretaz Altsasuko Trenbideen Adiskideak elkarteko kideak arduratuko dira" Migel Angelek esan digunez. Makinaren bi aldetan dauden gidarien kabinak mantenduko lirateke eta erdiko aldea hustu eta han turismo bulegoa jarriko litzateke. Hura non jarri udalak erabaki beharko luke. Horrekin batera, Mankomunitateko buruak jakinarazi digu baporezko Mikado lokomotora bat ere begiz jota dutela. Altsasuko Trenbideen Adiskideen elkartearen bidez Villarcayo herrian utzia dagoen makina omen da eta Altsasuko "erakargarritasun turistikoa" handituko luke.