Mankomunitateko hondakin bilketa zerbitzuko langileak greban

Guaixe 2008ko ekainaren 24a

Langileen ordezkariak jakinarazi zigutenez, "greba deialdia publiko egin denetik ez da aurrerapenik izan. Harrokeria harresiarekin egi dugu topo". Langileek esan zutenez, "badira alkateak gaiaren kudeaketarekin ados azaldu ez direnak". Greba deialdia publiko egin zenetik biltzeko deialdirik ez dutela jaso esan zuten langileek. Hondakinen bilketan aritzen diren langileek haien egoeraren berri emateko astelehenean Lakuntzan bildu eta ondoren haien aldarrikapena Arbizuko festetara eraman zuten. Asteartean ere ibarrean barna zabaldu zuten haien eskaeren berri. Egun horretan ere, egoeraren berri zein den jakiteko batzar informatiboa egin zuten langileek. Adierazi zigutenez, "ez dugu beste neurri batzuk hartzea baztertzen". Beste greba deialdiren bat eginen balute 10 eguneko aurrerapenarekin jakinarazi beharko lukete. Langileek argi zuten jendea ez duela "errurik", baina langileek "beste biderik" ez dutela esan zuten. MankomunitateaPresidenteak aurreratu zuenez, "asteleheneko batzarrean gaiaz hitz eginen da". Bitartean, ibarreko erakundeak gogora ekarri zuen 1999 urtera arte hondakinen bilketa Garbile enpresak egiten zuela eta haren egoera "kaxkarra" zela eta bere egin zuela zerbitzua, "enpresako langileak mankomunitateko zerbitzuko oinarria osatuz". Mankomunitatetik esan dutenez, orduz geroztik sinatu diren lan hitzarmenetan "lan baldintza eta ekonomia hobekuntza garrantzitsuak" jaso dira. Horren adibide gisa mankomunitateak jarri du zerbitzuko peoien soldata %55 hazi direla, aldi horretan kontsumo prezioen indizea (KPI) igo dena baino %26,6 gehiago (13.500 eurotik 20.900ra). Gidariei dagokienez, mankomunitateak dio 1999tik hona haien soldata aldi horretako KPI baino %20,6 gehiago igo dela (14.800 eurotik 22.000ra). Mankomunitatetik argitu dutenez, "igoerak zehazteko gidarien soldata hartu da oinarri gisa". Sakanako Mankomunitateak esan du "gaur egun Hondakin Zerbitzuko langileen soldatak pareko kategoria duten administrazio publikoetako langileriaren gainetik dago". Ibarreko erakundeak langileei egin dien eskaintza gogora ekarri eta gero esan du "eskainitakoa baino gehiago igotzea mankomunitateko beste langile batzuekiko konparaziozko bidegabekeria" litzatekeela, "kontuan hartuta 1999tik ahalegin ekonomiko handia egin dela administrazio publikoetako beste kolektiboen pare egoteko". Aldi berean, ibarreko erakundeak gogora ekarri du Garbile enpresako langile izan zirenen lan baldintzen hobekuntzak ere "handiak" izan direla. Mankomunitateak dioenez, azken lan hitzarmenean "hainbat neurri" adostu ziren "teknologia garapenak sor ditzakeen mehatxu posibleen aurrean enpresakoak izan ziren 8 pertsona horiek lanpostua mantentzeko".