Berdud kadete onena eta Katarain bigarren gaztea Lekeitioko XVI. Triatloian

Guaixe 2008ko ekainaren 23a

Larunbatean Lekeitioko XVI. Triatloia jokatu zen, sprint distantzian. 429 triatletek hartu zuten parte. Lehenik eta behin Isuntzako hondartzan 750 metro igeri egin behar izan zuten, gero 22 km-ko bizikleta saio gogorra, Oleta eta Plazakola portuak pasaz, eta bukatzeko 5 km-ko lasterraldia Lekeitioko kaleetan barna. Irabazlea Australiako selekzioko Jaimie Rhodes izan zen (1:02:51), SVC Seguridad taldeko Jose Manuel Tovar bigarrenari 8 segundoko aldea atereaz. Emakumezkoetan Canal Isabel II taldeko Zuriñe Rodriguez heldu zen lehena helmugara (1:13:13).Kirolari sakandarrek primerako lana egin zuten. Sakana Triatloi Taldeko Urko Berdud Mazkiaran altsasuarra 23.a izan zen (1:09:51), gizonezko kadeteetan lehena. Talde bereko Beñat Katarain lakuntzarra 99.a heldu zen helmugara (1:16:02), gazte mailan bigarren onena izanik. Haien taldekide Iraitz Goñi 100.a izan zen proban (1:16:02). Probako talde onena Kraft Atletico San Sebastian izan zen (3:15:06). Sakana Triatloi Taldea 15. postuan sailkatu zen (3:41:53).Igandean Donostiako XXIII. Triatloia jokatuko da goizeko 10:00etatik aurrera, distantzia olinpikoan: 1.500 m igeri, 40 km txirrindulan eta 10 km korrikan.