Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dena prest dago Irurtzungo abesbatzak ekainaren 28an herriko elizan emango duen kontzerturako. Iaz jendez gainezka egon zen eliza eta giro bikaina sortu zen kontzertuan. Horrexegatik ilusio handiarekin prestatu dute aurtengo emanaldia. Urte osoa daramate Irurtzungo kultur etxeko aretoetan entseguak astean behin egiten eta, kontzertura sasoi onean iristeko, azken astetan bizpahiru entsegu ere egin dituzte.Ikuskizunaren izena Kontrasteak izango da. Testu honen idazlearen arabera (hau da, abesbatzaren zuzendaria) kontzertuan zehar kontraste ugari aurkitu ahal izango dugu. Hasteko, garai desberdinetako musika eta melodiak interpretatuko dituzte. Halaber, konposizioetan bertan aurkakotasun dinamikoak eta tankerako kontrasteak nabarmenak izango dira. Aipatu bezala, musika estilo ezberdinak entzun ahal izango ditugu: Mexikoko Las Mañanitas abesti ezagunetik, Haurtxo polita, Benito Lertxundiren Herribehera edota herrikoia den Goizian argi hastian abestietara, edota klasikoak diren abestietara (Madinaren Aita Gurea, Verdi-ren Nabucco, Bach-en 147.kantata ospetsua, edota Beethoven-en sinfoniaren zati famatua den Himno de la Alegría) joango da emanaldia. Gainera XIV. mendeko musika ere entzun ahal izango dugu Juan del Encina-ren Si amor pone las escalas abestiarekin. Jendeari afalostetan abestea gustatzen zaizkion El roncalés eta Maite abestiak ere entzungo dira eta Hego amerikara joko dute ere, Carnavalito-rekin. Umorearekin ere ausartuko da Irurtzungo abesbatza, Golden Apple Quartet taldeak ezagutzera eman zuen El Menú abestuko baitute.Irurtzungo abesbatzak kolaborazio ezberdinak izanen ditu kontzertu honetan: batetik, herriko txistulari taldea; bestetik, Fran Idareta akordeoilaria; eta azkenik, Gabriela Guerendiain sopranoa. Eta amaitzeko... zatozte eta ikusiko duzue nola amaitzen den kontzertua...Duela hiru urte sortu zen Irurtzungo abesbatza. Dudarik gabe, aurrera egin dute urte hauetan. 40 abeslari inguruk osatzen dute abesbatza, gehienak irurtzudarrak. Aurten jende gaztea sartu da taldean eta hori albiste bikaina izan da.Hementxe doa sakandar guztientzako, kontzertura etortzeko gonbidapena! Ez zarete damutuko!Fermin Idareta