TXAKURRARI GAUEAN GERTATUTAKO ISTRIPU BITXIA

Guaixe 2008ko uztailaren 3a

"Nik batik bat zientzia eta matematika liburuak irakurtzen ditut. Polizia nobelak ere atsegin zaizkit. Eta hara non bat idazten ari naizen..."Halaxe aurkezten digu Christopher hamabost urteko gaztetxoak liburua.Christopher protagonista da, hasieratik harritu eta liluratuko gaituen istorioko pertsonaia: oroimen izugarria du, gai da erlatibitatearen teoria azaltzeko, baita Unibertsoa ulertzeko ere, munduko hiriburu guztiak ezagutzen ditu eta errezitatu egin ditzake 7507 arteko zenbaki lehen guztiak, baina...Christopher autista da."Hau hilketa-eleberri bat da". Detektibe lanetan arituko da Sherlock Homesen antzera bizilagunaren txakurra hilda aurkitzen duenean eta Arthur Conan Doyleren gisan ere: "ez du naturaz gaindikorik sinesten, hau da, Jainkoa, maitagarrien ipuinak eta Infernuko Zakurrak eta madarikazioak, zeinak ergelkeriak baitira" munduaren ikuspegi ia poetikoa azalduko digu. Kolokan jarriko du inguruko pertsonen pentsamoldea eta agerian utziko ditu gure burua normaltzat daukagunon jokabideen alderdi ahulenak.Mark Haddon ( Ingalaterra, 1963) marrazkilari eta margolariaren abilezia ere islatzen da liburuan haustura formala dakarrelako, egitura bitxiarekin batera, Christopherren adierazpide izango diren marrazkiak, planoak, eskemak, argazkiak ikus ditzakegulako. Xabier Olarrak oso hizkuntza ulerterrazaz euskaratu digu 2004ko "El curioso accidente del perro a medianoche" itzulpenei beldurra kentzen joan gaitezen, irakurle. Beraz, ikasturteko azkeneko hau ere oso liburu gomendagarria euskarazko literaturaz gozatzeko. Ondo pasa oporretan eta, ez ahaztu, liburu bat poltsetan!