Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hura turismo bulego gisa egokitzeaz eta falta litezkeen piezak jartzeaz Altsasuko Trenbideen Adiskideen elkartea arduratuko da. Gastu horietako 5.000 euro aurreikusi ditu mankomunitateak. Guztira 40.000 euro, diruzaintzako geldikina diru sailetik aterako dena. Altsasun egonen den turismo bulegoa hartuko du lokomotorak. Horretarako erdiko aldea hustu eginen da, baina gidarien bi kabinak mantendu eginen dira, bisitariek eta txikienek gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten. Turismo bulegoaz gain, beraz "erakargarri" bat litzateke lokomotora. Renfek Zaragozan duen biltegi batean daude lokomotorak eta biltegi haiek bota eginen dituztenez, lehenbailehen ekarri beharko da 279a Sakana aldera. Hori bai, ekartzeko garaian ahalik eta osatuena ekarriko dute, bateko eta besteko piezak hartuz. MikadoSakanako Mankomunitatea ere Madrilgo Trenaren Museoarekin harremanetan da baporezko Mikado lokomotora eskuratu ahal izateko. Museoak Villarcayoko herriari utzi zion lokomotora. Migel Angel Zubiriak jakitera eman zuenez, "gaur egun, egoera tamalgarrian dago, erabat utzia egon baita hainbat urtetan. Horren berri izan du museoak eta zesio akordioa salatzekotan da, Villarcayoko Udalak hitzartutakoa bete ez duelako". Asteleheneko batzarrean IUN-NEBko Arturo Carreñok gogora ekarri zuen 1995. urtean orduan kontseilari zen Palaciosek hitz eman zuela Altsasuko bilkuran lokomotora bat ekarriko zuela Altsasura. Mankomunitateko presidenteak azaldu zuen Nafarroako Gobernuarekin harremanetan dagoela, hark mikadoaren lekualdaketa ordaintzeko. Asmoa gauzatuko balitz Altsasuren "erakargarritasun turistikoa" handituko luke.