Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hala, hilaren 16an aldatu zuen Irurtzungo liburutegiak ordutegia eta udakoa hartu. Zerbitzua erabili nahi dutenek 10:00etatik 14:00etara dute horretarako aukera, irailaren 12ra bitartean. Irurtzungo liburutegiak garilean eta agorrilean bere eskaintza igerilekura ere eramanen du. Han izanen dira irakurgai egunkariak, aldizkariak eta umeendako zenbait liburu ere. Lakuntzako udal liburutegiak uda garaian ateak itxi egin ditu eta ikasturte hasiera aldera edo zabalduko omen ditu. Etxarri Aranazko Victoriano Huizi liburutegiak San Adrian egunean hartu zuen udako ordutegia. Irailaren 15a bitartean 10:00etatik 14:00etara izanen da zabalik liburutegia. Urdiainen 17:30etik 19:30era dago liburutegia zabalik. Altsasuko liburutegian hilaren 16az geroztik dago udako ordutegia indarrean. Haren zerbitzuaren beharra duenak irailaren 18a bitartean 8:30etik 14:30era pasa daiteke Iortia kultur gunetik. Olatzagutiako udal liburutegian hilaren 16tik irailaren 12ra arte izanen da indarrean udako ordutegia. Zerbitzua publikoarendako zabalik izanen da 10:00etatik 14:00etara. Azkenik, Ziordiko liburutegiak hilaren 30etik irailaren 12ra arte izanen du udako ordutegia. Astelehen eta asteazkenetan, 16:00etatik 20:00etara, igerilekuan izanen da eta gainontzeko egunak, hau da, astearte, ostegun eta ostiraletan, liburutegian bertan. Irakurri eta gozatuLiburutegi publikoetara doazenek aukera zabala opatuko dute. Horrekin batera, bigarren urtez, Bierrik elkarteak, Irurtzungo Pikuxar euskal txokoak, Irurtzungo Aizpea euskara taldeek eta Altsasuko Kima euskara taldeak Irakurri, gozatu eta oparitu ekimena jarri dute martxan. Horretan Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko udal liburutegien eta liburu-denden laguntza izan dute. Liburuaren egunetik hilaren 26ra bitartean dago martxan kanpaina. Zertan datza? Izenak berak argi dioenez, lehen egitekoa euskaraz argitaratutako liburu bat irakurtzea. Aipatu 3 liburutegietako batera joan behar da horretarako, eta liburua maileguan hartu. Opari liburu markatzaile bat jasoko du hartzaileak. Zein liburu hartu ez dakitenendako 100 liburu gomendatzen dituen zerrenda publikatu da. Liburua irakurri ondoren, liburutegiari bueltatu eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da, liburuari buruzko iritzia emanez. Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emanen digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Irurtzunen Elustondo estankoa eta Martxueta liburu denda. Etxarri Aranatzen Marixele eta Kaxeta liburu dendak eta Altsasun Urteaga liburu denda.Azken pausua liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari... edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, %25eko deskontua izanen dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan, (%50ekoa Euskara Elkarteko kidea izanez gero). Egitasmoari buruzko infomazio gehiago www.topagunea.org/irakurri web gunean dago.