Abeltzainen krisia gertutik ezagutu zuten parlamentariek

Guaixe 2008ko uztailaren 3a

Goizean Valdorbako Carlos Intsustaren haragitarako artaldea bisitatu zuten, ondoren Villatuertako Joseba Domblasen untxi ustiategia, gero Zurukuaingo SAT Urra zerri ustiategia, eta Etxarri Aranatzen bazkaldu ondoren, arratsaldean Etxarriko Jose Inazio Beltzaren haragitarako behi ustiategian izan ziren. EHNE sindikatuaren gonbitea Nafarroako Parlamentuko parlamentari talde guztiek onartu zuten, Ezker Batuak izan ezik. UPNtik Maria de Carmen Ferrer, Josefina Bozal, Esteban Garijo, Faustino León eta Jerónimo Gómez izan ziren; CDNtik Andres Burguete; PSNtik Maria Gracia Iribarren eta Juan Jose Lizarbe; eta NaBaitik Aitor Etxarri, Jose Angel Agirrebengoa eta Txentxo Jimenez, Parlamentuko Landa Garapen eta Ingurumen Batzordeko presidentea. EHNE-Nafarroatik Natxo Larrainzar presidenteak eta exekutibako kide Ignacio Gil eta Santos Galdeanok parte hartu zuten, Nafarroa osoko hainbat abeltzainekin batera. Nafarroako Gobernuak aurki onartuko duen Sistema Jasangarrien Foru Aginduan aurreikusia dagoen finantziazio "eskasa" -1,5 milioi euro- gogor salatu zuten abeltzainek parlamentariek aipatu lau ustiapenetan egin zituzten bisitetan. EHNE-Nafarroak gutxienez 4,3 milioi euro eskatzen ditu, besteak beste sistema jasangarriei - tartean nekazaritzarako eta abeltzaintzarako- diru laguntzak ematea arautuko duen etorkizuneko Foru Agindurako. Gainera, aipatu Foru Aginduarekin ustiapen intentsiboagoak diren untxien eta zerrien sektoreak diskriminazioa jasango dutela gaineratzen dute. Lehen sektorean inbertsioa igotzeko eskariaAbeltzainek behin eta berriz azpimarratu zuten abeltzaintza sektorea krisian dagoela. Horregatik, nekazaritza eta abeltzaintza sektorean inbertsioa igotzea eskatu zieten parlamentariei, "ustiategiek duten egoera ekonomiko larriari aurre egin ahal diezaioten", bereziki krisian gauden honetan. "Produkzio kostuen eta diru sarreren arteko desoreka geroz eta handiagoa da eta egun Nafarroan dauden 4.000 ustiapenak bizirauteko arazo larriak dituztenez, askok lanbidea utzi beharko dute" azaldu zuten. Krisiaren arrazoiak, ugariakIzan ere, egoera ekonomikoa eta krisia geroz eta nabariagoa da ardi, zerri, untxi eta behien sektoreetan. Kostuak geroz eta altuagoak diren bitartean (gasolioa, makineria, argia, pentsua, abonuak...) duela 20 urteko prezioetan ordaintzen diete haragia, eta gainera,  haragiaren kontsumoak behera egin du. Arazo horri konpetentzia desleiala gehitu behar zaio. "Hemen neurri zorrotz izugarriak bete behar ditugu: esplotazioen eta ganaduaren kontrol zorrotza, araututako nabeak jaso beharra, abereen kakak biltzeko simaurtegi bereziak, ingurumena zaintzeko betebehar zorrotzak... eta kanpotik etortzen den haragiak ez. Konpetentzia desleiala da hori, ezin baitugu lehiatu. Kanpoko haragiak hemengo baldintza berberak bete beharko lituzke" diote abeltzainek, Frantzian bertako haragiak plus bat duela gogoratuz eta kanpotik sartzen denak baldintza zehatz batzuk bete behar dituela gaineratuz. Bestalde, gaineratzen dute ingurumena babesteko neurri izugarriak bete behar direla hemen, eta kanpoan gai hori ez dela horrenbeste lantzen. Komertzio handiek prezioak ezartzeko duten boterea da beste arazo bat. "Jendeak badaki zein den haragi onena, baina dendara joan eta kanpotik ekarritakoa askoz merkeagoa da, azalera handietan bereziki. Guk ezin dugu eurekin lehiatu, lehen esan dugunagatik.  Guk kalitatea produzitzen dugu, kostu bat duena, baina denda handiek kanpoko haragia salduta etekin gehiago ateratzen dituzte, eurek egiten dituzten tratuengatik. Erabakiak ez dira hemen hartzen eta gu denda handien menpe gaude, eurek kontrolatzen dute guztia. Horretaz gain, orain krisia dago eta nahiz eta etxekoandreak jakin zein den haragi ona, hil bukaerara ez bazara heltzen merkea erosi behar duzu. Niri Mercedesa gustatzen zait baina Renaulta daukat" zioen Baztango abeltzain batek, orokorrean gizarte guztiak pairatzen duen krisia aipatuz. Kalitateari begirako inbertsio handiakJose Inazio Beltzak bere haragitarako behi esplotazioen berri - SAT Arkueta- eman zien parlamentariei. 230 buru dauzka, eta ez die pentsurik ematen, berak produzitutako belarra, artoa, siloa... baizik. Horretarako puntako makineria erosi behar da, belarrak biltzeko epe laburrean lan asko egin behar delako. Orokorrean, egindako inbertsioak handiak dira: araudiak zehaztutako nabeak, baldintza sanitarioak betetzen dituztenak, abereen kakak biltzeko simaurtegia (40 milioi pezeta) eta beste. "Hipotekak direla medio eta ohiko gastuak kontuan hartu gabe - gasolioa, pentsua, abonuak...- abeltzainek dugun zorpetzea handia da. Egun lagun eta senitartekoen laguntza behar dut azienda gobernatzeko eta prezioak duela 20 urte bezala daudela kontuan hartuta, ez dago bizirauterik. Ustiategiek aurrera egiten badute familia tradizioa eta beste sentimenduengatik da, ez errentagarriak direlako. Negozio honetan zerotik hasi nahi duen batek ez du ezer egiterik, eta sektorearen etorkizuna arriskuan dago" adierazi zien Beltzak parlamentariei. Bestalde ITGko teknikoek ustiapenak handitzeko gomendioa ematen dietela gaineratu zuen Beltzak, "konpetitiboak eta kalitatezkoak" izateko. "Lan handia egin dugu kalitateko haragia produzitzeko eta arrazen genetika hobetzeko. "Ternera de Navarra" izendapenean sartuta nago baina horrek ez du arazoa konpontzen. Izendapenarekin gutxi saltzen dugu, eta azkenean ahal den moduan saldu behar duzu, prezio merkean. Arraza hobetzeko egindako lanari esker primerako ganadua dugu, sendoa, eta horrenbeste haragirik saltzen ez denez harakinek txekor txikiagoak eskatzen dizkigute. Ez dakit atzera egin behar ez ote dugun... " dio Beltzak. Sektorearen krisiaren adibide, Beltzak azaldu zuen txahalak 10/12 hilabetetan saltzen direla, eta txekorrak 12/14 hilabetetan. Egun esplotazioetan 16 eta 17 hilabeteko txekor asko daude, horrek abeltzainendako duen kostu izugarriarekin. Burokratizazio handiaJose Inazio Beltzak salatutako beste gai bat burokratizazioarena izan zen. Abeltzainek paper mordoa bete behar dute: abere bakoitzak bere fitxa dauka, saldu edo erosterakoan agiri ugari bete behar dira, diru laguntzetarako eskari eta dokumentazio zabala aurkeztu behar da... "Esaten da abeltzainak beti kexatzen gaudela, baina diru laguntzak kobratzen ditugula. Gobernuak zehaztutako laguntzetatik zenbat heltzen dira abeltzainengana? Gehiena burokratizazio eta paperetan xahutzen da, tartean gelditzen da. Gure haragia errentagarria  balitz eta prezio duina izango balu, paperak eta laguntzak alde batera utziko genituzke, hori da nahi duguna" azpimarratu zuen, abeltzain eta nekazariek etxea, autoa, seme-alabak mantentzeko gaitasuna eta lan duina izateko eskubidea dutela baina egun bizirauteko arazoak daudela nabarmenduz. EHNE-Nafarroako ordezkariek azaldu dutenez, abeltzainen arazoen aurrean parlamentariek izandako jarrera ona izan dela. Iraila bitartean Nafarroako Parlamentuak oporrak hartu ditu, ez da sesiorik izanen, baina irailetik aurrera arazoa Parlamentuko Landa Garapen eta Ingurumen Batzordean lantzeko konpromisoa hartu omen dute parlamentariek.