Onartu da Mankomunitateko Garapen Zerbitzuaren araudia

Guaixe 2008ko uztailaren 3a

Alegazioen ondorioz, funtzioen atalean planifikazioarekin batera, "zerbitzuaren eta haren jarduerak funtzionatzeko beharrezko finantziazioa kudeatzea" gehitu da. Horretaz gain, "garapen intereserako arazo, baliabide, jarduera eta egitasmoen inguruan eskualdeko gizarte ehuna sentsibilizatu" beharra jasotzen da. Araudi egokituak bere egin du "genero berdintasun ikuspegia". Diru ekarpenakGarapen Zerbitzuak funtzionatzeko dirua udalek jarri behar dute. Erabakitakoaren arabera "jarduera zehatz bat aurrera eramateko udalen %80ak onartu behar dute. Udal horiek ibarreko populazioaren %60 ordezkatu behar dute eta udalak behartuta egonen dira ekarpenak egitera". Baina zirriborroan ere jasotzen da "edozein jarduera udalendako derrigorrezkoa izateko 1.000 biztanle baino gutxiago duten herrien %70ak onartua izan beharko duela".Jardueraren batek eskatutako babes hori lortzen ez badu ere, udal interesatuek jarduera hori aurrera eramateko aukera izanen dute. Orduan gastuak haien bizkar izanen dira. Bestalde, udalek zerbitzuari egin beharreko diru ekarpenak zehazteko 3 parametro hartuko dira kontuan: populazioa (%85); udalerriaren eremua (%5) eta udalerrian Ekonomia Jardueren gaineko Zerga ordaintzen dutenen kopurua (%10). IritziakMigel Angel Zubiria presidenteak azaldu zuenez, "aurkeztutako alegazioak bateragarriak ziren eta gehitu egin dira". Araudiari alegazioak aurkeztu zizkion EAE-ANVk. Ekintzaileen ordezkari Juanjo Goikoetxeak esan zuen "helburuetan eta gauza batzuk positiboan hartu" direla. Eledun ekintzaileak azpimarratu zuen "garapen integralari Sakanatik heldu beharra" eta, horrekin batera, "gizarte eragileak parte hartzeko eta boto eta presidentzien bidez presenteago egoteko" eskaera berretsi zuen. "Izpiritu eraikitzailearekin" araudiaren aldeko botoa eman zuten EAE-ANVko kideek eta haiekin batera NaBai, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu eta Iturmendikoak. 4 abstentzio izan ziren, Ezker Batuarena, Arakilgo Udalarena, "gaia aztertu ez" zutelako. Alderdi Sozialistaren ustez "diru ekarpenei buruzko puntua zuzenean Altsasuri eragiten dio eta udalean eztabaidatu ez denez" abstenitu egin ziren.