Vilariño pozik, Serbiako Eskubaloi Selekzioa Mundialerako sailkatu delako

Guaixe 2008ko uztailaren 1a

Jose Manuel Vilariño osteopata eta fisioterapeuta altsasuarra pozik dago Serbiako Eskubaloi Selekzioarekin bizi izandako esperientziarekin. Jakina denez, ekainaren hasieran aipatu selekzioarekin lanean aritu da altsasuarra, Eskubaloi Mundialetara sailkatzeko Serbiak eta Txekiar Errepublikak jokatutako partidetan. Pragan jokatutako joaneko partida galdu egin zuen Serbiak, baina Belgradoko itzulerakoan irabazi egin zuen, azkeneko minutuetan gainera, 2009an jokatuko diren Eskubaloi Mundialetarako sailkatuz. Vilariño Serbiako Eskubaloi Selekzioko jokalariekin osteopata lanetan aritzekoa zen, baina selekzioko fisioterapeutak eskumuturrean min hartu zuenez, fisioterapeuta eta masaje lanak ere hartu ditu zituen bere gain. Bizitako esperientziarekin pozik dago altsasuarra. "Oso hunkigarria izan da dena. Ni urte luzez Osasunarekin aritu izan naiz lanean eta futbolera ohitua zegoen, baina eskubaloia beste mundu bat da. Hemen segundoek berebiziko garrantzia dute, minutuek urrezko balioa dute. Gainera, azken unean irabazi zuen Serbiak, eta oso kontentu nago irabazi dutelako, oso jende majoa baita" dio Barañainen Axis gorputz-zentroa eta kontsulta duen Jose Manuel Vilariñok. Hain zuzen ere bere kontsultara Portland San Antonioko Ratko Nikolic jokalaria joaten da, eta Nikolicek berak proposatuta heldu zitzaion Serbiako osteopata izateko proposamena, altsasuarrak berehala onartutakoa. Osasunako masajista izan zen urte luzez, eta Barañaingo bere kontsultan jokalari asko tratatzen ditu, Valdo, Raúl García, Cuéllar, Milosevic eta abar. Hain zuzen ere 2006ko Alemaniako Futbol Mundialean Serbia eta Montenegroko Futbol Selekzioko masajista eta osteopata izan zen, orduan Osasunan zebilen Savo Milosevic jokalariak proposatuta. Oso esperientzia ona hura ere. Herrialdeagatik dena emanSerbia herrialde sortu berria da, gerrate oso gogor batetik ateratako herria, eta hori ere izugarri nabaritzen dela azaldu du Vilariñok. "Kirolariek badakite euren herrialdearendako oso inportantea dela Serbia moduan lehiatzea eta ahalik eta urrunen heltzea. Horregatik, jokalariek duten guztia ematen dute. Pentsa, jokalariek egunero 15 euro inguruko soldata zuten Serbian lehiatzeagatik, euren oporrak bertan emanez, eta kontentu zeuden, herrialdearengatik dena emateko prest. 15 eurorengatik lanean? Hori hemen ezinezkoa da imajinatzea ere. Meritu handia duten pertsona eta profesionalak dira" gaineratzen du Vilariñok. Mundialetarako sailkapena Serbia herrialdearendako oso inportantea izan da, are gehiago Txekiar Errepublika garaituta. 8.000 pertsona bildu ziren partida zuzenean ikustera, eta kanpoan 4.000 zale baino gehiago omen zeuden, giro bikainean. Jose Manuel Vilariño kontentu dago egindako lanarekin, futbolariekin lan egitea gehiago ohitua baitzegoen, eta eskubaloi jokalariekin gorputzeko beste atal batzuk, besoak eta lepoa bereziki, lantzeko aukera izan baitu. "Asko ikasi dut eta esperientziarekin kontentu nago" dio behin eta berriz. 2009ko ilbeltzean jokatuko den Eskubaloi Mundialean atzera ere Serbiarekin ariko da altsasuarra. Vilariñok ekarritako Serbiako kamiseta zozketatuko duguVilariño ez da Guaixerekin ahaztu eta Serbiako selekzioko kamiseta bat ekarri digu opari. Kamiseta hori gure irakurleen artean zozketatuko dugu. Zozketan parte hartu nahi duenak albiste hau moztu eta Guaixeko erredakziora bidali beharko du (Guaixe, Foruen plaza, 23. 1º. 31.800. Altsasu) edo interneteko edizioko albistea dokumentu batean atxiki eta lehiaketa@topagunea.com helbidera bidali.