Arrieta, Martienez, eta Verdugo Frantziako Tourrera

Guaixe 2008ko uztailaren 2a

Jose Luis Arrietak, Egoi Martinezek eta Gorka Verdugok Tourrerako bidea hartuko dute gaur. Hilaren 5ean, larunbatean, hasiko da txirrindularitzako lasterketarik preziatuena, Brest hirian. Pariseko Champs Elysees-etara iritsi arte, hiru asteko lana dute txirrindulariek. Liderrarendako lan egiteraHiru sakandarrek argi dute Frantziako Tourrean egin beharreko lana: taldeko liderrendako egin behako dute lan. Egoi Martinezek eta Gorka Verdugok Zubeldia, Astarloza eta Samuel Sanchez, taldeko liderrendako egin beharko dute lan. "Iaz egindako lana errepikatu eta, ahal bada, etapa bat irabazita hobetzea" du helburu bi etxarriarren talde Euskaltel-Euskadik. "Euskaltelek azken urteotan eraman duen talderik onena darama. Edonork eskura dezake etapa bat" adierazi zuen Gonzalez de Galdeanok. Urte ona izaten ari da 2008a Gorka Verdugorendako eta ilusio bereziarekin abiatu da Frantzia aldera. Taldeko hiru liderrak haizearengandik babesteaz gain, "iaz bezala ihesaldiren bat hartzen saiatu naiz" adierazi du Etxarrikoak. Egoi Martinezendako berezia izanen da aurtengo Tourra, handik bueltan saririk handiena espero baitu, bere lehen semearen jaiotza. Hala ere duen dena emateko prest joan da Frantziako Itzulira. Ohi baino lasaiago hartu du urte hasiera eta besteetan baino freskoago iritsi da Frantziako Itzulira. "Taldeko liderrei saiatuko gara eta gainerakoek etapa garaipenaren bila ibiliko gara". Jose Luis Arrietak Ag2r taldeko Vladimir Efimkim gaztearendako lan egitea izanen du helburu nagusia, baina bere aukerak ere edukiko ditu. "Etapa bat irabazten saiatuko naiz. Taldeak aukera hori emanen dit zenbait egunetan". Onartzen du, hala ere, ez dela erraza izango.Betiko lasterketaren aurpegi berriaEz da lasterketa berria txirrindulariendako. Gorka Verdugok 3. aldiz hartuko du parte Frantziako Tourrean, Egoi Martinezek 5.a izanen du aurtengoa eta, beteranoena, Jose Luis Arrieta, aditua da dagoeneko: 9. Tourra izanen du hau. Baina, bere berdintasunean, beti da ezberdina Frantziako Tourra. Goi mendiko 5 etapa izanen dituzte Pirinioetan lehenengo eta Alpeetan ondoren, baina ohi ez bezala, Italiakoak. "Oso gogorrak dira, ez dute Frantziakoekin zerikusirik" dio Arrietak. Hori gutxi ez eta erdi mailako mendiko beste 4 etapa ere izanen dituzte. Bigarren, lehenengo edo maila bereziko mendiko 17 portu gainditu beharko dituzte etapa horietan. Erlojuz kontrakoak bi izanen dira, biak ere banakakoak, 4. egunean bat eta azken aurrekoan bestea. Gainerako 10 etapak zelaian jokatuko dira. 21 etapa denera. Etapa horietako askotan familia, neska eta Sakanako lagunen animu oihuak ez dira faltako. Haien babesarekin, ziuraski lan bikaina eginen dute gure ordezkariek!