Unzurrunzaga bigarrena Camille Extreme-n

Guaixe 2008ko uztailaren 2a

Ander Unzurrunzaga etxarriarrak primerako lana egin zuen igandean, Izaba eta Ezkaurre gaina batzen dituen Camille Extreme mendi lasterketa proba ikusgarrian bigarrena izan baitzen. 202 kirolari abiatu ziren Izabatik, berriki zendutako Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen alde minutu bateko isilunea gorde eta gero. 31,4 km gogor, 3.900 metroko desnibel pilatua eta maila ertain-gogorreko lasterketa zuten aurrean. Izan ere, Camille Extrema Euskal Herriko mendi lasterketen proba gogorrenetakoa da, bereziki Ezkaurre mendiaren igoera dela medio. Igandeko bero sapak, gainera, are gehiago gogortu zuen proba. Lasterketako jaun eta jabea Berako Fernando Etxegarai izan zen, hasieratik hartu baitzuen aurrea. 3:08:24ko denbora behar izan zuen. 8 minutu pasako aldea atera zion lasterketa bikaina egin zuen Etxarri Aranazko Ander Unzurrunzagari (3:16:50). Unzurrunzaga lehen beteranoa izan zen. Emakumezkoetan Jaione Sasieta heldu zen azkarrena (4:10:52). Gainontzeko sakandarrak ere fin ibili ziren. Ondoko denborak egin zituzten: 17.aAitor Begiristain altsasuarra izan zen (3:46:07), 105.a Joxi Lazkoz etxarriarra (4:31:01), 122.a Fernando Igoa etxarriarra (4:37:57), 126.a Fermin Gabirondo olaztiarra (4:42:38), eta 167.a Tomas Mauleon etxarriarra (5:16:37). Mauleon 15. beteranoa izan zen.