Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
23 urtez azpiko txirrindulariek gaur emanen diote hasiera Bizkaiko Birari. Babes faltagatik 2008ko edizio hau arriskuan egon bada ere, aurrera atera da Euskadi Fundazioaren lanari esker. 16 talde lehiatuko dira Bizkaiko Biran, Euskal Herriko 11, Espainiar Estatuko 4 eta Errusiako bat. Rural Kutxak ez du huts eginen. Lizarte taldeko Andrey Amador eta Saunier Duval taldeko Angel Madrazo dira faboritoak, baina gainerako taldeak ere, borrokarako prest joanen dira. Rural Kutxak Fábregas eramanen du talde-buru, eta Saez de Arregi ere bertan egonen da, zigorra baliogabetu eta gero. Igandera arte, lau etapa izanen dituzte promesa gazteek. Sopelan hasi eta amaituko den 131,7 kilometroko etapa izanen dute hasteko, tartean hiru portu dituztela: Unbe, Sarasola eta Andraka. Datorren egunek Gordexola-Gordexola, Mungia-Mungia eta Bilbo-Bilbo etapak ekarriko dituzte. Erabakigarria izan daiteke azken etapa hau, txirrindulariek bi aldiz igo beharko baitute El Vivero gaina.