Etorkinen harrera bulkatzeko plana aurkeztu du Mankomunitateak

Guaixe 2008ko uztailaren 9a

2007ko erroldaren arabera Sakanako biztanleen %10 etorkina da eta horregatik Sakanako Mankomunitateak kulturartekotasunaren eta integrazio osoaren aldeko apustua egin du, inmigrazio zerbitzua indartuz. Gogoratu, 2006an eta 2007an lau hilabetez Begoña Zestau teknikaria aritu zela lanean, eta Mankomunitateak zerbitzuaren jarraipenaren aldeko apustua egin zuela, 2007ko abenduko batzar orokorrean urte osorako langilea kontratatzea erabakiz. Begoña Zestauk jarraitzen du postuan, eta zerbitzuaren indartzearekin aurretik eskaintzen ziren zerbitzuez gain, beste berri batzuk landuko dira. Aurtengorako antolatu dena, elkarlaneanOstiralean 2008rako prestatutako etorkinen harrera bulkatzeko plana aurkeztu zuten. Nafarroako Gobernuak 62.000 euro bideratu ditu egitasmo honetarako, eta Sakanako Mankomunitateak 65.000 euro. Bost ardatzetan landuko da programa: haur eta gaztaroan, gizarte zerbitzuetan, sentsibilizazioan, parte hartzean, eta osasunean. Haur eta gaztaroan kulturen arteko olinpiadak antolatuko dira aurten hirugarrenez, aurreko bi edizioetan izandako erantzun ona ikusita. Bestalde, lehen hezkuntzari zuzendutako aisialdi programa landuko da, haurren parte hartzea bulkatuz. Gainera, ludotekei begira tailer ezberdinak antolatuko dira, munduko kultur ezberdinen aisia Sakanako ludoteketara eramateko. Eta laguntza ekonomikoak bideratuko dira haur etorkinak ludoteketara joan daitezen bulkatzeko. Gizarte Zerbitzuetan etorkinekin lanean ari diren profesionalei zuzendutako prestakuntza ikastaroak antolatuko dira. Atal horretan ere jasoko da Bego Zestau teknikariaren kontratazioa. Sentsibilizazioari dagokionez, etorkinen harrera bulkatzeko planaren irudia sortzeko logotipo lehiaketa deituko dute. Sakanan bizi diren 16 urtetik goragoko pertsonek hartu ahal izanen dute parte bertan. Parte hartze ardatzean, aurten Irurtzungo eskualdean prestatutako kulturen arteko topaketen antzeko ekitaldiak antolatu nahi dira Sakanako beste eskualdeetan. Horrela, Etxarri Aranazko eskualdean sukaldaritzarekin zerikusia duen topaketa prestatu nahi da eta Altsasuko eskualdean kirola eta sukaldaritzarekin zerikusia duten kulturen arteko topaketak. Gainera, Eguberritan Ekuatoriar Taldearekin batera "festa de agasajo a los niños" antolatuko da Altsasun, iaz bezala. "Olentzero eta Papa Noelen arteko elkartrukatzea izan zen, oso ekitaldi polita" aipatu zuten Zestau eta Notariok. Osasunaren ardatzean Altsasuko eskualdean familia etorkinei zuzendutako osasun ikastaroa eskainiko da, eta Etxarri Aranazko eskualdean sukaldaritza osasuntsua izeneko ikastaroa. Immigrazio zerbitzuak antolatutako etorkinei harrera egiteko programaren balorazioa eskatzerakoan, Bego Zestauk aipatu zuen herritarrek programa ezagutzen dutela, "zerbitzua geroz eta gehiago eskatzen dutelako", bai bertakoek eta baita sakandar berriek ere. Aurkeztutako programa elkarlanaren ondorioz adostutakoa zela nabarmendu zuen, "gizarte zerbitzuek, elkarteek eta herritarrek eskatu eta proposatutakoa aintzat hartuz" sortua. Eta zerbitzuaren eta programaren helburua zein den gogoratu zuen berriro: etorkinen integrazio osoa erraztea, bi norabideetan: beraiek gure gizartean integratzea eta guk eurenera egokitzea, guztia kultur artekotasunaren bidetik. Etorkinei harrera zuzena hiru herritanBegoña Zestauk harrera zuzena eskaintzen du Sakanako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen hiru egoitzetan. Astelehenetan Etxarri Aranazko eskualdean, asteazkenetan Irurtzunekoan eta ostegunetan Altsasukoan, 8:00etatik 15:00etara. Bertara jotzen duten etorkinei mota guztietako informazioa eta orientazioa eskaintzen zaie eta Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean segimendua egiten zaie. Gainontzeko egunetan Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako egoitzan izaten da Zestau.