Hasi da Frantziako Tourra

Guaixe 2008ko uztailaren 7a

Txirrindulari onenek ekin diote Frantziako Itzuliari. Hiru asteko itzuli luzea dute aurretik, baina ez dituzte lanak amaierarako utzi nahi. Prologorik gabe eman zioten hasiera Tourrari larunbatean eta, txirrindulari urdurienen zoritxarrerako, uste baina gogorragoa eta luzeagoa izan zen helmuga aurreko malda. Erakustaldi bikaina eskaini zuen Valverdek. Beretako izan zen lehen etapa eta 2008ko lehen maillot horia. Atzo ere txirrindulari batek baino gehiagok egin zuen bere saiakera. Bretainiako 164,5 kilometroko etapa gorabeheratsuak atzean utzi zituen tropeleko zenbait gizon azkar eta horretaz baliatzea nahi izan zuten, besteak beste, Chavanelek, Voecklerrek eta Moreauk. Baina tropel nagusiak helmugarako azken kilometroan harrapatu zituen iheslariak. Hushovdek zeharkatu zuen lehenengo helmuga, Kirchenen aurretik. Sakandarren gazi-gozoak, Tourreko lehen bi egunetanSakanako txirrindulariek Tourreko lehen egunen alde on eta txarrak mustu dituzte dagoeneko. Arrietak mustu du alde gozoa: ihesaldiena. Lehen egunetako urduritasunak ihes saiakera jarraiak sortarazten ditu eta Uhartekoak ere egin zuen berea. Lehen etapa hasi eta berehala, beste 7 txirrindularirekin batera egin zuen ihes. Zoritxarrez, helmugara iritsi baina 35 kilometro lehenago harrapatu zituzten tropelak. Alde txarra, berriz, Egoirendako izan zen. Etxarrikoak gertu izan zuen Tourraren lehen egunetan horren ohiko diren erorikoa. Zorionez, sustoan geratu zen dena. Lehen bi egunen ondoren, sailkapen nagusiko 44. postuan dago Egoi Martinez, Valverderengandik 7 segundora; 53.a da Gorka Verdugo, 18 segundora; eta 112.a Jose Luis Arrieta, 39 segundora.Esprinterrendako etapaSaint-Malo eta Nanates arteko 208 kilometroko etapa dute gaur txirrindulariek. Etapa zelaiak esprinterrendako egokia dirudi. Baina, horretarako, ihesaldiak eragotzi beharko dituzte esprinterren taldeek.