Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean II. Aramotz mendi lasterketa antolatu zuen Brinean Mendi Lasterketa elkarteak Zornotzan. Zornotzatik atera eta Cabrero, Inungan, Leungane, Mugarrekolanda eta Belatxikieta gainditu behar izan zituzten korrikalariek, guztira 27 km . Lasterketak 1.600 metroko desnibel positiboa zeukan, eta Euskal Herriko Koparako baliagarria zen. Berako Fernando Etxegaraik atzera ere erakustaldi bikaina eman eta lehena heldu zen Zornotzako helmugara (2:29:13). Lasterketaren errekorra gainditzeagatik (2:32:30eko denboran zegoen) 300 euroko sari estra jaso zuen primerako denboraldia burutzen ari den beratarrak. Gogoratu aurten Aloñako igoera, IV. Izarraitz laisterketa, Baigorriko Artzainen Lasterkaldia eta Camille Extrem probak irabazi dituela, besteak beste. Bosgarrena denboraldi ona egiten ari den Ander Unzurrunzaga etxarriarra izan zen (2:40:13). Etxarriarra helmugan sartu zen lehen beteranoa izan zen. 17. tokian heldu zen Fermin Gabirondo olaztiarra (2:50:17). II. Aramotz mendi lasterketako lehen neska Nerea Amilibia aiatarra izan zen (3:02:08), proban 27. tokian sartu zena.