Lau iheslarien artean erabaki zen 3. etapa

Guaixe 2008ko uztailaren 8a

Gaurko erlojupeko garrantzitsuaren bezperan, esprintean amaitzeko egokia zirudien atzoko etapak, 208 kilometrorekin, itzuliko bigarren luzeenak. Baina Frantziako Itzulian ezer gutxi balio dute iragarpenek. Agerian geratu zen hori atzo. Lehen ezustea, lau iheslarik uste baino alde handiagoa atera ziola tropelari, ia 13 minutu tarte handienean. Tropel nagusia urduritzea lortu zuten eta, Tourreko lehen etapa lauetan tropelak izan ohi duen abiadura biziari urduritasuna gehitua, ondorioa: erorikoak eta tropela zatitzea. Lau iheslarien artean erabaki zen lasterketa. Dumoulin izan zen azkarrena eta beste iheslari batek, Feilluk ere saria jaso zuen: liderraren maillot horia. 2 minutura sartu zen tropel nagusia eta honekin batera 3 sakandarrak: Egoi Martinez, Jose Luis Arrieta eta Gorka Verdugo. Sailkapen nagusiko 36. postuan dago Egoi, liderrarengandik 1:46ra; 58.a Gorka, 2:41era eta 90.a Jose Luis, 2:41era. Gaurko etapak, 29,5 kilometroko erlojuz kontrakoak bere lekuan jarriko ditu gaur txirrindulariak. Ea zer egiten duten sakandarrek.