Txueka eta Agerre Nafarroako txapeldunak

Guaixe 2008ko uztailaren 9a

Atzo, eguerdiko 12ak aldera, iruindar askok hiriko alde zahar eta erdigunea utzi eta Foruen plazarako bidea hartu zuen. Eta ez jai giroa alde batera uztea nahi zutelako, herri kirolen lehen hitzordua galtzea nahi ez zutelako baizik. Trontzalariek eman zioten hasiera sanferminetako herri kirol erakustaldiei. Ezin hobe mustu zuten sakandarrek lehen jaialdia, Nafarroako trontzen txapelketako nesken arteko finalean Susana Agerre eta Maitane Txueka nagusitu baitziren. Bi sakandarrek Etxalarko Izaskun Ariztegi eta Lourdes Galarregi eta Lezaungo Ana Lopez eta Itziar Nuñez izan zituzten aurrez aurre. Baina, 45 ontzako enborrari 10 epai mozteko orduan, beste bi bikoteak ez ziren arerio izan sakandarrendako. 9 minutu eta segundo bakar batean amaitu zituzten lanak Agerre eta Txuekak. 34 segundora geratu ziren Etxalargoak eta 11:57ko denbora egin zuten lezaundarrek.Gizonezkoen txapelketan ez zegoen sakandarrik lehen mailan. Baina luze baino lehen izan dezakegu Sakanako ordezkaririk, kadete mailako finalera iritsi baitziren Andra Mari ikastolako Amaiur Ginea eta Aitor Oiarbide. Ultzama (Mikel Eugi eta Ander Iribarren), Berriozar (Eder Goldarazena eta Josu Huarte) eta Basaburua (Beñat Gartxitorena eta Asier Gamio) taldeak izanen dituzte arerio. Ultzamakoak izan ziren 100 cm-ko enborrari 10 epai egiten lehenak (4:41). Etxarrikoak 3.ak izan ziren, 6:56ko denborarekin. Gaur harrijasotzaile eta konbinatuen txandaHerri kirolzaleek  beste aukera bat dute gaur eguerdian. Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatuko dute Josetxo Urrutia leitzarrak, Xabier Igoa aldaztarrak eta Unai Bertiz sunbilarrak. Ondoren, harrijasotze erakustaldia eskainiko du Aitor Oiarbide etxarriarrak. Jarraian, kimuen mailako proba konbinatuaren erakustaldia abiatuko da. Sakanako Andra Mari, Berriozar, Basaburua eta Ultzama lehiatuko dira. Eguna despeditzeko haurrendako zakulari proba herrikoia eta emakumezkoen aizkora erakustaldia antolatu dituzte.