Judit Saizar eta Urko Berdud Espainiako kadete mailako txapelketan bikain

Guaixe 2008ko uztailaren 9a

Asteburuan kadete eta junior mailako Espainiako Triatloi Txapelketa jokatu zen Cuencan. Sakana Triatloi Taldeko Judit Saizar leitzarra eta Urko Berdud altsasuarra kadete mailan aritu ziren. 750 m igerian, 11 km txirrindulan eta 2,5 km korrikan osatu behar izan zituzten. Nesken mailan Cidade de Lugo Fluvial taleko Melina Alonso galiziarra gailendu zen (0:41:51). Judit Saizar bikain aritu zen, eta laugarrena sailkatu (0:43:01). Mutilen kadete mailan beste galiziar batendako izan zen garaipena. Club Atletismo Porriño taldeko Diego Paz izan zen lehena (0:37:29). Sakana Triatloi Taldeko Urko Berdud sakandarra 10.a sartu zen (0:39:16). Saizarrek eta Berdudek primerako denboraldia daramate.