Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Frantziako Itzuliko faborito gehienek lehen egunetik atzoko etapa zuten buruan, edizio honetako lehen erlojuz kontrakoa. Itxurakeriak eta estrategiak alde batera utzi, eta 29 kilometroko banakako ibiliak txirrindulariak biluztuko zituen zain zeuden zaleak. Nola ote dago ia ikusi ere egin ez dugun Evans? Horren ongi ote dago Valverde? Nola ote daude euskaldunak? Eta sakandarrak, forma onean ote daude? Hori guztia agerian geratu zen atzokoan.Lehen ezustea, garailea: adituek Cancellara jotzen zuten faborito, baina bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Erlojupeko bikaina egin eta gero, Stefan Schumacher alemaniarrarendako izan zen garaipena. Haren atzetik, hurrenez hurren, Kim Kirchen, David Millar eta Cadel Evans. Mikel Astarloza izan zen lehen euskalduna, 27.a, 1:42ra. Espero zen maila eman ez zutenak Valverde eta Zubeldia izan ziren. Lehenak, batzuendako itzulia irabazteko faborito zenak, minutu eta erdi galdu zuen (23.a). Zubeldiak, berriz, 3:22 minutu galdu zituen (100.a).Maila ona erakutsi zuen Gorka Verdugok. 72.a izan zen, 2:57ra. Jose Luis Arrieta 106.a izan zen 3:28ra eta Egoi Martinez 113.a, 3:35era. Atzoko lanari esker, Schumacher da lider berria. Egoi Martinez 49.a da, 3:35era; Gorka Verdugo 55.a, 3:46ra eta Jose Luis Arrieta 82.a, 5:21era. Itzuliko etaparik luzeena dute gaur, 232 kilometrokoa, Cholet eta Chateauroux artean.