Sanferminetan Iruñeko Foruen plazan eguerdiro programatutako herri kirol jaialdien barruan, asteazkenean Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatu zen, Sunbillako Unai Bertizek Sakanako Harrijasotze eskolan aritzen den Xabier Igoa aldaztarrari eta Josetxo Urrutia leitzarrari irabazitakoa. Bada, Etxarri Aranazko 15 urteko Aitor Oiarbide Igoak erakustaldi bikaina egin zuen. Hasieran 80 kiloko kuboarekin aritu zen gaztea, eta nahiz eta harrijasotze munduan denbora gutxi eraman - Sakanako Harrijasotze eskolan aritzen den sakandar bakarra da, Mikel Lasarte eta Xabier Igoa maisu dituela- 10 jasoaldi egin zizkion. 80 kiloko bola bat ere 10 alditan altxatu zuen. Guztira 1.600 kilo jaso zituen, eta hala jarraituz gero aurki primerako harri jasotzailea izan daitekeela demostratu zuen. Kimuen mailako proba konbinatuan, Berriozar, Basaburua,Ultzama eta Etxarri Aranazko Andra Mari aritu ziren mailan. 11 eta 12 urteko gazteek txinga, koxkolak, zaku lasterketa eta korrika probak osatu behar izan zituzten. Berriozar izan zen irabazlea, eta Andra Mari laugarren sailkatu zen. Nafarroako 3. mailako Aizkora Txapelketako kanporaketaGaur eguerdirako herri kirol jaialdi bikaina prestatu dute. Lehenik eta behin Nafarroako 3. mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da. 12 aizkolari lehiatuko dira, tartean hiru sakandar: Iñaki Vazquez altsasuarra eta Aritz Goñi eta Goizeder Beltza etxarriarrak. Asier Pellejero, Raul Castro, Ruben Saralegi, Julen Kañamares, Oihan Larretxea, Garikoitz Larretxea, Patxi Mindegia, Mikel Etxebeste eta Angel Eraso. Guztiek bi kanaerdiko moztu beharko dituzte. Segidan X. San Fermin motozerra txapelketa izanen da jokoan, eta Mikel Saralegik harri jasotze erakustaldia eginen du.