Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Izan ere Nafarroan egiten den energia kontsumo guztiaren %12 etxeetan kontsumitzen da. Berogailua da etxeetan energia gehien kontsumitzen duena: %68. Ur beroa etxean kontsumitutakoaren %16 da, eta hozkailuak %5 kontsumitzen du. Sukaldera etxean kontsumitutako %4 doa, eta argiteriak %2 hartzen du, telebistak gastatzen duen kopuru bera (%2). Beste etxetresna elektrikoek etxean kontsumitutako %2 suposatzen dute. Adituek diotenez, gutxiago kontsumituta ere berdin bizitzen jarraitu ahal dugu. Hain zuzen ere etxeetan energia kontsumoa jaisteko Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa Fundazioak (CRANA) Kioto 2007 programa jarri du abian, "denon baliabideak modu iraunkorragoan eta solidarioagoan erabiltzeko, eta bide batez energiaren fakturak behera egitea lortzeko". Hiru hitzalditan emandako aholkuak beteEkimenean izena ematen dutenek etxean energia aurrezteko konpromisoa hartuko dute. Sakanako Mankomunitateko gerente Adolfo Araizek azaldu duenez, Sakanako 50 etxeek programarekin bat egitea da helburua. Izena ematen dutenek hiru hitzaldi jasoko dituzte. Iruñeko teknikariak propio etorriko dira hitzaldiak ematera, eta bertan etxeetan energia aurrezteko aholkuak emanen dituzte, ekimenean parte hartuko dutenei gomendioen gidaliburua, kontsumo baxuko bonbilla, termometroa eta dutxarako ihinztagailua oparituz. Gainera, edozein zalantza tekniko argitzeko arreta pertsonalizatua eskainiko dute teknikariek. JarraipenaEkimenean parte hartzen dutenek aholku horiek euren etxeetan aplikatu beharko dituzte eta energia kontsumoaren kontrola egin beharko dute. Energiaren gastuaren jarraipena eginez kontsumoak behera egingo duela ziurtatzen dute CRANA fundaziotik. Ekimenean parte hartzeko Sakanako Mankomunitatera (948 464 867) edo CRANA fundaziora (948 140 818) hots egin behar da, eta inskripzio orria bete. Informazio gehiagorako www.crana.org web gunera jo daiteke, eta Kioto etxebizitza programa atala aukeratu.