Sanferminetarako prestatutako herri kirol programa bikaina aurrera doa. Egunero, 12:00etatik aurrera zertaz gozatzeko aukera izango da Iruñeko Foruen Plazan, eta herri kirolari sakandarrei dagokienez, Floren Nazabal aizkolaria eta Sakanako nesken sokatira taldea ariko dira lanean. Programa aintzat hartu, gaur, ostiralean, gizonen Nafarroako Trontza Txapelketako lehen hiru bikote sailkatuek trontza erakusketa eginen dute, eta horretaz gain, aizkora erakustaldia, Kañamares anaiak aitzurrarekin egurra mozten ariko dira eta Joxe Bikondoak erakustaldia emanen du. Larunbatean, Sakanako tiralariakLarunbatean, uztailaren 12an, programa zabala prestatu dute. Gizonen eta emakumeen Nafarroako Txinga Txapelketa egonen da jokoan, eta segidan gizonen eta emakumeen Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketa erabakiko da. Ondoren sokatiraren txanda helduko da, neska eta mutilen sokatira erakustaldia izanen baita, lau tiralariz osatutako taldeen artekoa. Gizonezkoetan Berriozar, Amaiur eta Txantrea taldea neurtuko dira, eta emakumezkoetan Amaiur, Beti Gazte eta Sakana. Jaialdiarekin bukatzeko lasto altxatze eta botatze erakustaldiak izanen dira. Igandean Nafarroako Bikotekako Aizkolari TxapelketaIgandean Nafarroako Bikotekako Aizkolari Txapelketarekin abiatuko da Sanferminen herri kirol jaialdia. Floren Nazabalek eta Daniel Vicentek bikotea osatuko dute, eta beste bi biko izanen dituzte arerio: Donato Larretxea eta Jose Juan Baraberena, eta Juanjo Lope zeta Mikel Mindegia. Bikoek sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko dituzte, lan potoloa, hain zuzen. Nazabalek beste txapel bat janzteko aukera paregabea du igandean, baina egin beharreko lana eta arerioak ez dira makalak, eta ikusi beharko da zein nolako bikotea osatzen duen Vicenterekin. Ondoren Nafarroako Gurdi Altxatze Txapelketa jokatuko da eta harrijasotze erakustaldia eginen dute Iñaki eta Inaxio Perurena eta zenbait emakumezkok. Sanferminetako herri kirol ekitaldiak despeditzeko, astelehenean aizkolari erakustaldi bikaina prestatu dute: Mikel Mindegiak eta Juanjo Lopezek kanako enborra moztuko dute. Ondoren proba konbinatuen erakustaldia izanen da eta Ikusgarrik motozerra erakustaldia eskainiko du.Atzo Nafarroako 3. mailako txapelketaForuen plazak Nafarroako 3. mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa hartu zuen atzo. 12 aizkolari lehiatu ziren bertan, tartean hiru sakandar: Iñaki Vazquez altsasuarra eta Aritz Goñi eta Goizeder Beltza etxarriarrak. Sakandarrak beste bederatzi aizkolarirekin neurtu zituzten indarrak. Bi kanaerdiko mozteko lanetan Patxi Mindegia beteranoa izan zen azkarrena. Plazatik kanpo denbora bazeraman ere, indartsu itzuli da zubietarra eta erakustaldia eskaini zuen, 3:43ko denbora eginez. Haren atzetik, parez pare ibili ziren Ruben Saralegi (4:39), Julen Kañamares (4:42), Raul Castro (4:53) eta Oihan Larretxea (4:54). Horien artean erabakiko da 3. mailako finala irailaren 7an, Oizen.Sakandarrak ezin izan ziren finalerako sailkatu. Datorren urtean egin beharko dute saiakera.