Sakanadarrek gainditu dute lehen astea

Guaixe 2008ko uztailaren 11

Amaitzear da Frantziako Itzuliko lehen astea. Mendiak mustu baino ez dituzte egin oraindik, baina ezin esan lasai ibili direnik. Ez dute hau lehen itzulia Arrieta, Martinez eta Verdugorendako eta jakin bazekiten lehen aste honetan urduritasuna eta tentsioa direla tropelaren ezaugarri nagusiak. Horren adierazgarri ihes saiakerak eta ia etapa denetan ikusi ditugun erorikoak. Sakandarrek ere mustu dituzte lehen asteko gazi-gozoak: etaparen garaipenaren bila, lehen eguneko ihesaldian sartu zen Arrieta. Zoritxarrez, helmugara iritsi aurretik harrapatu zuen tropelak. Alde garratza, berriz, Egoiri egokitu zaio: asteburuan gertu izan zuen erorikoa. Zorionez sustoan baino ez da geratu. Mendiko lehen etaparen ondoren, sailkapen nagusiko 36. postuan dago Gorka Verdugo, Kirchen liderrarengandik 4:43ra; 56.ean, Jose Luis Arrieta, 8:02ra eta 78.ean Egoi Martinez, 12:12ra. Asteburuarekin batera PirinioakEgun batzuetarako amaitu dira etapa zelaiak. Astebeteko lanaren ondoren, hemen ditugu dagoeneko Pirinioak. 4. eta 3. mailako portuekin hasi eta 2. mailakoak ere izanen dituzte gaur eta bihar. Baina gogorrena ondoren iritsiko da: Lehen mailako Col de Peyresburde eta Col d´Aspin igandendean eta maila bereziko Tourmalet astelehenean. Eskerrak, lehen asteak bezala, Pirinioak ere gazi-gozoak direla: gainditu beharreko aldapa latzak batetik, baina etxekoen babesa bestetik. Ziur familia, lagun eta sakandarren oihurik ez dutela falta izanen Arrietak, Egoik eta Gorkak. Denen beharra izanen dute indarberritzeko.