Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sanferminetako herri kirol jaialdiak amaitzear zirela, atzo maila goreneko aizkora txapelketarekin gozatu ahal izan zuten iruindarrek: Floren Nazabal eta Daniel Vicente, Miel Mindegia eta Juan Jose Lopez eta Donato Larretxea eta Joxejuan Barberena, lehia bizian aritu ziren, Nafarroako Bikotekako Aizkolari Txapelketa nork irabaziko. Hamabi pago enbor ebaki zituzten bikoteek: sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako. Lehen enborretan 3 bikoteak parekatu samar ibili baziren ere, lanak aurrera egin ahala, atzean geratzen joan ziren Donato Larretxea eta Barberena. Nazabal eta Vicente ez ziren txapeldunei aurre hartzera iristen, baina gertu-gertutik jarraitzen zituzten Mindegia eta Lopez. Azken egurrera iritsita, segundo gutxiko aldearekin, bere horretan zirauen emozioak. Baina Ezkurrako aizkolari beteranoa eta lezaundarra aldeari eusteko gai izan ziren. 21 minutu eta 18 segundo behar izan zuten lanak amaitzeko. 22 segundora geratu ziren Nazabal etxarriarra eta Vicente. Donato Larretxek eta Joxejuan Barberenak 23:51n amaitu zituzten lanak.Aipatzekoa da Daniel Vicente eta Donato Larretxea Malagatik, Timber Sport Txapelketako finaletik bueltan egin dutela gaua eta ia lorik egin gabe iritsi zirela Iruñera. Hala ere, ukaezina da Ezkurrakoaren meritua, 60 urterekin mailarik gorenean jarraitzen baitu. Sanferminetako herri kirol ekitaldiak despeditzeko, astelehenean aizkolari erakustaldi bikaina prestatu dute: Mikel Mindegiak eta Juanjo Lopezek kanako enborra moztuko dute. Ondoren proba konbinatuen erakustaldia izanen da eta Ikusgarrik motozerra erakustaldia eskainiko du. Nafarroako 3. mailako txapelketako finalean sakandarrik ezForuen plazak Nafarroako 3. mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa hartu zuen joan zen ostegunean. 12 aizkolari lehiatu ziren bertan, tartean hiru sakandar: Iñaki Vazquez altsasuarra eta Aritz Goñi eta Goizeder Beltza etxarriarrak.Bi kanaerdiko mozteko lanetan Patxi Mindegia beteranoa izan zen azkarrena. Plazatik kanpo denbora bazeraman ere, indartsu itzuli da zubietarra eta erakustaldia eskaini zuen, 3:43ko denbora eginez. Haren atzetik, parez pare ibili ziren Ruben Saralegi (4:39), Julen Kañamares (4:42), Raul Castro (4:53) eta Oihan Larretxea (4:54). Lehen bost horien artean erabakiko da 3. mailako finala irailaren 7an, Oizen.Sakandarrak ezin izan ziren finalerako sailkatu. Gertu ibili zen Goizeder Beltza, 5:33ko markarekin, 7. postuan. Aritz Goñi 9.a izan zen, 6:15eko denborarekin eta Iñaki Vazquezek 10. postuan amaitu zuen, 6:38ko markarekin.Aukera berria izanen dute datorren urtean.