Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Egun gogorra izan zen atzokoa sakandarrendako. Euskaltel-Euskadi Pirinioetako lehen portuetako malda laranjaz jantzitako zaleei ikuskizuna ematen saiatu zen. Ihes egin zuten lau txirrindulariak harrapatu nahian, gogotik egin behar izan zuten Gorka Verdugok eta Egoi Martinezek, taldeko liderren alde. Ahalegin horretan ari zela, golpe ederra hartu zuen Verdugok. Hala ere, medikuarenetik pasa eta gero, jarraitzeko moduan egon zen.Lehenengo portu gogorrean, Peyresourden, iheslarien indarrak ahitzen joan ziren. Baina zoritxarrez, sakandarrenak ere bai. Egoi Martinez izan zen indartsuenen erritmoari eutsi zion bakarra. Azkenean, Col d´Aspin-en gora, erakustaldia eskaini zuen Riccò italiarrak. Itzuliko faborito guztiak atzean utzita, bakarrik zeharkatu zuen helmuga. Pirinioetako etapa erregina dute gaur txirrindulariek. Paun emanen diote hasiera 156 kilometroko etapari, 10.ari. 3. mailako 2 portu pasa eta gero, maila bereziko bi portu gainditu beharko dituzte: Tourmalet ezaguna eta Hautacam gogorra. Azken horretan erabakiko da etapako garailea.