Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pirinioetako etapa nagusiak agerian utzi zituen Tour honetako txirrindulari eta taldeen indarrak. Erakustaldia eskaini zuen CSC-k. Erritmo bizia jarri zuen Tourmaleteko maldan gora eta portuan behera eta zelaian ere ez zuen barkatu. Cancellara eta Voigt buruan jarrita, Hautacam igotzen hasi aurretik atzean utzi zituzten Tourreko zenbait faborito: Valverde, Cunego, Zubeldia eta Sanchez, esaterako. Baina haien erritmoa jarraitzeko gai izan zenik ere egon zen, eutsi ez ezik, etaparen borrokan ere sartu zen Saunier Duval taldea. Bien artean banatu zituzten saria: Saunier Duval taldeko Piepoli eta Cobo sartu ziren lehen eta bigarren postuan. CSC-ko Frank Schleck, berriz, sailkapen nagusiko bigarren posturaino igo zen, Evans-engandik segundo bakarrera geratuz. Hiru sakandarrak batera helmugaratu ziren atzo, irabazlearengandik 24 minutu eta 28 segundora. Egoi Martinez sailkapen nagusiko 67. postuan dago, Evans-engandik 49:42ra; 84.a da Gorka Verdugo, 1:05:55ra; eta 92.a Jose Luis Arrieta, 1:09:30era. Gorka Verdugo eta Egoi Martinezen taldeko buru Zubeldiak eta Samuel Sanchezek ez zuten egun ona izan. Astarloza izan zen erritmoa jarraitzeko gai izan zen bakarra eta sailkapen nagusiko 11. postuan geratu zen. Arrietaren talde buru Vladimir Efimkin-ek ere lan ona egin du Pirinioetan eta 10. postuan dago. Sakandarrek haiendako lanean jarraitu beharko dute hemendik aurrera ere: bai sailkapeneko lehen postuei begira, baita etaparen baten bila ere. Aurretik ordea, merezitako atsedena izanen dute gaur.