Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzua ahalegin berezia egiten ari Sakanako haur eta gaztetxoen kirol jarduna euskalduntzeko. Bide horretatik iaz kirol elkarteei doako monitore euskalduna eskaintzeko deialdia zabaldu bazuen, aurten ekimen berria jarri du martxan: kirol begirale euskaldunen zerrenda. Eskolaz kanpoko jardueren artean gero eta garrantzi handiagoa du kirolak. Ume eta gaztetxo gehienek kirolen bat aukeratzen dute txiki-txikitatik. Sakanako ikasle gehienek D ereduan ikasten dute eta horregatik, Kirol Zerbitzuak azpimarratzen duenez, "garrantzitsua da eskola esparruen inguruko ekimenak ere euskaraz garatzea". Kirol jarduerak antolatzen dituzten ikastetxe, kirol talde edo udalek ordea begirale euskaldunak aurkitzeko arazoak izaten dituzte maiz. Horiei laguntzeko helburuarekin, kirol euskaldunen zerrenda osatzea erabaki du Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak.Curriculumak Kirol ZerbitzuraSakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak begirale izatea nahi duten kirolari guztiei egin die deia. Zerrendan sartzeko interesa dutenek Mankomunitatearen Lakuntzako bulegotik pasa beharko dute izen-orria bete eta curriculuma eramatera. Kirol Zerbitzuak jakinarazi du ez dela azterketa edo probarik eginen, beraz, azpimarratu du garrantzitsua dela egindako ikasketa eta esperientzia curriculumean behar bezala adieraztea. Era berean, argitu du Mankomunitateak "bitartekaritza lana baina ez" duela egingo eta zerrendako datuak "aipatutako helbururako baino ez direla izango". Argibide gehiago behar duenak Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzura jo dezake, Lakuntzako Uriz kaleko 38. zenbakira edo 948 464 866 telefonora edo kirolak@sakana-mank.com helbidera.