Futbol Campus arrakastatsua Lakuntzan

Guaixe 2008ko uztailaren 17a

Astelehenean hasi zen Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatutako Futbol Campusa. Aurreko urteetan Altsasuko Dantzalekun egiten zen, baina aurten Lakuntzako Zelai Berri futbol zelaiak hartu du ekimena. Bi taldetan banatuta, guztira 36 haur ariko dira futbolean murgildurik. Aste honetan 10 eta 12 urte arteko 26 haur ari dira lanean, eta hurrengo astean, astelehenetik ostiralera, 13 eta 15 urte arteko 10 gaztetxoren txanda helduko da. Hasiera batean Jon Zubiria urdiaindarrak gidatu behar zuen campusa, baina ezin izan du eta Araiako Endika Gabiña eta Aritz futbolariak dira monitoreak. Haien azalpenei segituz, futbolaren inguruko teoria eta praktika uztartzen ari dira. Antolatzaileak eta campusean parte hartzen ari diren haurrak oso kontentu daude campusa Lakuntzara lekualdatu izanarekin, Lakuntzako zelaia oso ona baita, "ia alfombra bat bezala", haiek ziotenez. Gainera, saioen bukaeran Lakuntzako igerilekuetan freskatzeko aukera dute eta eguraldiak lagundu duenez, bikain pasatzen ari dira.