Tropelak atsedenari eutsi zion

Guaixe 2008ko uztailaren 17a

Txirrindulariek asteartekoa izan zuten atseden eguna, baina atzo ere lasai ekin zioten 167,5 kilometroko etapari. Oraindik ere Pirinioetako zama sumatzen zuten antza eta inor ez zegoen erantzukizunik hartzeko prest. Horretaz baliatu nahi izan zuen 12 txirrindulariko taldeak. Ihes egin eta tropelari 15 minutuko aldea izatera heldu zen. Horien arteko lau indartsuenen artean erabaki zen etapa: Arrietaren taldekide Elmiger-en, CSCko Arvesen-en, Lampreko Ballan-en eta Rabobank-eko Moerenhout-en artean. Gutxigatik bada ere, Norbegiako txapeldunak irabazi zuen, Arvesen-ek. Indartsuenen tropelarekin batera zeharkatu zuen helmuga Egoi Martinezek, 81. postuan, 14:51ra. Bigarren talde batean sartu ziren Jose Luis Arrieta eta Gorka Verdugo, 22:14ra, lehenengoa 132. postuan eta bigarrena 135.ean. Sailkapen postuaren gorenean jarraitzen du Evans-ek. Egoi Martinez 66.a da, 49:42ra; Gorka Verdugo 96.a, 1:13:18ra eta Jose Luis Arrieta 105.a, 1:16:55era. Lavelanet eta Narbonne artean 12. etapa dute gaur, 168,5 kilometrokoa. Egun lasaia dirudi hasiera batean. Hala ere, Tourrean garaipenak garesti daudela ikusirik, litekeena da gaur ere nor edo nor tropelaren soseguaz baliatzea.