Bi urtez igoerarik gabe egon ondoren, larunbatean, garilaren 19an, motor hotsak itzuliko dira Urbasara, XXXI. Urbasako igoera antolatu baita. 2005eko urriaren 1ean jokatu zen azkeneko proba, San Fermin eta Eguzki Sport eskuderiak antolatuta, eta Iñigo Martinez (Formula Martini MK 42) gailendu zen parte hartu zuten 82 pilotuen artean, 03:02:11 denborarekin. Ikusleen multzo batek izandako portaera "larriak" eraman zuen hurrengo bi urteetan proba bertan behera uztera. Antolatzaileek orduan adierazi zutenez, ikusle batzuek oso gaizki jokatu zuten eurekin, traba eta txikizio asko sortuz. Gainera halako tamainako proba antolatzeko boluntario asko behar dira, eta aurrekontua ere handia izaten da. Guztiek proba ez egitea ekarri zuen, baina aurtengo berrikuntza Urbasako igoera famatuaren berreskurapena izan da. Hortaz, motorren festa biziko du atzera ere Urbasak, eta jendetza espero da. Gogoratu azkeneko edizioan 15.000 pertsona inguru bildu zirela lasterketa jarraitzera. Aurkezpena Olaztin egin zutenMendi Racing eskuderiak hartu du proba antolatzeko ardura. XXXI. Urbasako Igoera ekainaren 27an aurkeztu zuten Olaztiko Kultur Etxean. Ekitaldian Mendi Racing eskuderiako ordezkariak izan ziren, Alfonso Valdés lehendakaria buru zela, Olaztiko Udaleko Kirol zinegotzi Javier Gil, eta proban parte hartuko duten eta Espainiar Estatuko Mendi Txapelketan bikain dabiltzan bi pilotu nafar ezagun: Pantxo Egozkue beteranoa eta Egoi Eder Valdés gaztea. Pantxo Egozkuek ibilbide luzea eta oparoa du: bere palmares zabalean Europako bi Txapelketa eta Espainiako bost txapelketa daude. Aldiz, Egoi Eder Valdés gaztea hasi berria da, bina iaz Nafarroako Mendi Txapelketako irabazlea izan zen, egun Espainiako Mendi Txapelketan aurreneko postuetan dago eta primerako etorkizuna duen gaztea da. Proba onena eta mitikoenaPantxo Egozkuek Urbasako Igoera Espainiar Estatuko "onena eta mitikoena" dela nabarmendu zuen, eta ekitaldian bildutako guztiak pozik agertu ziren errekuperatu delako. Probaren aurkezpenaren ondoren Egozkuek omenaldia jaso zuen. Alfonso Valdések plaka eman zion, mendi automobilismoa bulkatzeagatik pilotuak egindako lana eskertzeko. "Egozkue mendi lasterketetan erreferentea da" nabarmendu zuen Valdések. Mendi Racing eskuderiak omenaldi hori bera Andrés Vilariño pilotuari egin nahi izan zion, baina gipuzkoarra ezin izan zen ekitaldira agertu. Egozkuek Urbasako igoeran parte hartzeko gogo biziz dagoela aipatu zuen eta Egoi Eder Valdések gaineratu zuen Urbasako igoera berarendako erronka handia izanen dela. "Txikitatik proba ikustera ekartzen ninduten, eta Nafarroako zaletuen aurrean bertan parte hartzea amets handia zen niretako. Ea lan txukuna egiten dudan" adierazi zuen. Urbasako Igoerarekin batera Nafarroako Mendi Txapelketa abiatuko da. Aipatutako bi pilotuak dira larunbateko proba irabazteko faborito nagusienak. Pantxo Egozkue Speed Car GTR autoarekin lehiatuko da, eta Egoi Eder Valdések Silver Carra gidatuko du. Pantxoren seme Aritz Egozkue lanean ikusteko aukera izango dugu, Speed Car GT 1.000 autoarekin, eta Fernando Egozkue, aldiz, Renault Clio Sport 2.000 autoarekin ariko da. Hiru sakandar lehian8 mailatan banatuta lehiatuko dira proban ariko diren 70 gidariak. Mailaketa hori autoaren motorraren eta karrozeriaren araberakoa da. Urbasako Igoeran ezin dira pilotu sakandarrak faltatu. Azken orduan aldaketarik ez badago, Garikoitz Flores lakuntzarra (Renault Clio Sport 2.000), Delfin Goikoetxea iturmendiarra (MG Motor Imporda Garbi GTS 1993) eta Iñaki Gastaminza Imaz olaztiarra (Renault Super 5 GT Turbo 1.400) izango dira lehian ariko direnak. Horretaz gain, beste bi pilotu sakandarrek lasterketa iragarriko dute, "coche 0" delakoak gidatuz. Auto horiek lasterketako mangak hasi baino lehen pasatzen dira, lasterketa abiatuko dela abisatzeko. Bada, Espainiako Rallye Txapelketako Suzuki Swift Kopan lehiatzen ari den Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra 0 autoa izanen da, eta Sergio Ondarra bakaikoarra 0 bikoitza. 5,580 kmXXXI. Urbasako Igoerak ohiko ibilbidea izanen du. Olazti eta Lizarra batzen dituen NA-718 errepidean gauzatuko da: irteera puntua 38,050 puntu kilometrikoan egonen da eta helmuga 32,110 puntu kilometrikoan, Urbasako kanpinera heldu baino lehenago. Guztira 5,580 km osatu beharko dituzte lehiatuko diren pilotuek. Ibilbideak bi zati dauzka. Lehenengo zatia irteeratik hasi eta "Salto de aguas" izenez ezagutzen den tokira artekoa da. Zati oso azkarra da, autoak ziztu bizian doaz zati horretan. Hala ere, akaso ibilbideko bihurgunerik okerrena lehen zati honetan dago. Abiadura horren azkarra da ezen bihurgune horren peralteak kanpora botatzen baitu autoa. Kontu handia izan behar da hor. Bigarren zatia, aldiz, teknikoagoa da. Bihurgunez betetako zatia da, gehienak ferra bihurguneak, edo 180 gradukoak. Beraz, autoek abiadura moteldu beharko dute. Ikusle gehienak bertan pilatzen dira. Igoera auto indartsuendako egokia da. Izan ere, zati azkar asko daudenez, motor indartsua behar da.7.200 euro saritanPilotuak goiz goizetik hasita helduko dira Olaztira. Ibilgailuei egiaztapen tekniko eta administratiboak Olaztiko eskoletan eginen zaizkie, goizeko 8:30etik 11:30era. Ondoren kiroldegian kontzentratuko dira lehiatuko diren pilotuak. Antolakuntzak goizeko 10:00etan itxiko du errepidea, eta hortaz, lehenago joatea gomendatzen da, edo autoa Olaztin utzi eta oinez igotzea. Lasterketa 15:00etan abiatuko da, entrenamenduekin. Ondoren lehen eta bigarren mangei egin beharko diete aurre pilotuek. Gaueko bederatzietan emaitzak publikatuko dira Olaztiko Clinker jatetxean eta gaueko hamarretan sari emate ekitaldia hartuko du jatetxe berak. Antolakuntzak irabazleen artean guztira 7.200 euro banatuko ditu, trofeoez aparte. Probako irabazleak 800 euro jasoko ditu, bigarrenak 600 euro eta hirugarrenak 400 euro. Horretaz gain, lasterketako kategoria bakoitzeko (zazpi kategoria daude) lehen hiru sailkatuek saria jasoko dute: lehenek 400 euro, bigarrenek 300 euro eta hirugarrenek 200 euro.