Olias eta Mariñelarena supermotardak jaioterrian lehiatuko dira

Guaixe 2008ko uztailaren 18a

Bihar Urbasan autoak portuan gora eta behera ibiliko badira, Irurtzunen motorrek izango dute protagonismoa. Irurtzungo Moto Club Pistones taldeak antolatuta, Supermotard, Scooter eta Superquad lasterketak jokatuko dira, Akaborro industrialdean prestatutako zirkuituan. Aipatu probak Nafarroa, Vasco Navarro eta Zona Norte txapelketetarako baliagarriak dira. Lasterketak larunbatean izanen dira, Irurtzungo festetan, 16:00etatik aurrera. Motorren festa maila handiko ekitaldia izanen da. Supermotard, scooter eta superquads kiroletan dabiltzan pilotu onenak bilduko dira Irurtzunen, lehen mailako lasterketetaz gozatzeko aukera eskainiz. Gainera, supermotardean, open mailan dabiltzan bi irurtzundar lehiatuko dira elkarren kontra: Juan Mari Olias eta Alex Mariñelarena. Supermotard motocrossaren antzeko kirola da, baina errepideko gurpilak erabiltzen dira eta motorrek suspentsioa daukate. Supermotard probetan ibilbidearen %70 asfaltoa izaten da eta gainontzekoa lurra. Olias eta Mariñelarena maila altuenean ari dira lehian, openean. Olias eta Mariñelarena, nor baina norOliasek 19 urte dauzka eta hiru urte daramatza open mailan, orain arte primerako maila emanaz. 450 cm kubikoko Aprilia motorrarekin dabil aurten, eta lau lasterketatan murgildua dabil: Espainiako supermotard txapelketako Aprilia Kopan, Supermotard Vasco Navarron, Nafarroako Supermotardean eta Zona Norte txapelketan (Asturias, Errioxa, Euskal Herria eta Aragoien jokatzen ari dena). Mariñelarenak, aldiz, aurten debutatu du open mailan. Honda motorra dauka, Aitor Martinezen taldean dabil eta debut bikaina egin du, aipatu txapelketatan lehiatuz. Bada, bi pilotuak elkarren kontra lehiatuko dira Irurtzunen. Faboritoa Olias da, bera baita, une hauetan, Nafarroako eta Vasco Navarro txapelketetako liderra. Dena dela, txapelketak puri-purian daude. Nafarroako txapelketako buru Juan Mari Olias da, 50 punturekin, eta bigarrena Alex Mariñelarena, 40 punturekin. Vasco Navarron Olias da liderra, 50 punturekin, eta Mariñelarena laugarrena da, 29 punturekin. Nafarroako txapelketa Irurtzunen erabakiko da, eta hortaz, lehia bizia espero da. Nolanahi ere, pilotu irurtzundarrak elkarren kontra lehiatzeaz aparte, maila handia duten beste pilotu asko izanen dituzte arerio. Vasco Navarrorako eta Zona Norterako, aldiz, Irurtzunekoaz gain oraindik beste lasterketa asko geratzen dira: Abadiño, Miranda de Ebro, Gernika, Villarcayo, Asturias... Hortaz, txapelketa zabalik dago oraindik. Beraz, primerako ikuskizuna izanen da larunbatean Irurtzunen.