Igandean Irurtzungo XIII. Esku Orgaren krono igoera jokoan

Guaixe 2008ko uztailaren 18a

Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoak eta gazte talde batek antolatuta, igandean, Irurtzungo festetako ekitaldirik herrikoienetakoa jokatuko da: XIII. Esku Orgaren krono igoera. Ibilbidea ohikoa izango da: Gernika plazatik Kultur Etxeraino dagoen 30 metro inguruko gainbehera ikaragarria igo eta atzera ere jaitsi. Igotzerakoan bikotekideetako bat esku-organ eseriko da eta beste kideak eraman eginen du. Ibilbidean ginkana antzeko bat gainditu beharko dute, piboteekin, pasarela batzuetatik pasaz, arraultzak hartuz eta utziz... proba horiek ongi betez gero puntuak jasoko dira edo gainontzean zigorrak. Jaisterakoan bikoteak postuz aldatuko dira eta atzera ere ginkana gainditu beharko dute. Proba denbora laburrenean egiten duen bikoteak -puntuak eta zigorrak kontuan hartuz- irabaziko du. Iaz sei bikote animatu ziren jendez lepo zegoen ibilbidea kateatzera. Animu oihuen artean ikuskizun ederra eskaini zuten eta irabazleak Ruben eta Oscar izan ziren. Ohikoa denez antolakuntzak sari ederrak banatuko ditu.