Pirinioetatik Alpetara

Guaixe 2008ko uztailaren 18a

Sakanako txirrindulariek bi aste eginen dituzte bihar Frantziako errepideetan gora eta behera. Frantziako Tourraren alderdi ezberdinak mustu dituzte dagoeneko: tentsioz beteriko lehen egunak, ibilbide zelaiak, erlojuz aurkako etapa, mendiko etapa latzak... Pirinioetako etapa gogorren ondoren, gustura hartu zuten lehenengo atseden eguna, Gorka Verdugok bereziki, golpe galanta hartu baitzuen larunbateko etapan, Tourmalet-en behera. Arrieta eta Martinez izan ziren lehen asteburuan, eta Verdugo izan da bigarrenean, aurtengoan ez da sakandarrik libratu erorikoz. Etxarriarrak esan zuenez "arnasa sakon hartzean, oinazea du saihetsetan. Hala ere atseden egunaren ondoren hobera egin dut".Bi asteko lanaren ondoren, agerian geratu dira txirrindularien indarrak. Badirudi Evans, Menchov, Schleck eta Sastre direla gizonik indartsuenak. Huts egin duenik ere izan da: Valverde edo Zubeldia esaterako. Egoi eta Gorkaren Euskaltel-Euskadik Astarloza du lehen postutan eta Arrietaren Ag2r-k Efimkin gaztea. Sakandarrei dagokionez, erredakzioa itxi zenean, atzoko etaparen aurretik, 66. postuan zegoen Egoi Martinez, liderrarengandik 49:42ra; 96.ean Gorka Verdugo, 1:13:18ra; eta 105.ean Jose Luis Arrieta, 1:16:55era. Gainean dituzte AlpeakBizpahiru etapa lasaiagoen ondoren, asteburuak mendi gogorrak ekarriko ditu berriz ere: Alpeen txanda izanen da oraingoan. Igandetik asteazkenera bereziki, Frantzia eta Italia arteko porturik gogorrenak igo beharko dituzte txirrindulariek: Agnel, Lambarde, Bonette-Restefond, Galibier, Croix de Fer, Alpe d´Huez... Berriz ere agerian geratuko dira txirrindularien indarrak. Taldeko liderren mesedetan, nahiko lan izanen dute sakandarrek.