Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lehengoan norbaitek esan zuen alferkeriarako eskubidea aldarrikatu nahi zuela. Hasieran irrifarre egin nuen, baina orduak pasa ahala, nagitasuna ematen didaten hainbat gauza gogoratu nituen.Lehiakortasunak erabat gogogabetzen nauela akordatu nintzen. Inoiz ez naizela saiatu lehena izaten, ezertan, eta mesfidantza eragiten didatela lehenengoak direnek, edozein dela ere diziplina; zenbat gauzari egin dioten uko, momentu batean, urte batean lehenengoa izateko. Eta zertarako? Nola izan objetiboki aurrena? Herrialde guztiek parte hartzen al dute? Herrialde bakoitzeko biztanle guztiek lehiatzeko eskubide berbera al dute? Egunkarietan politikaz, burtsaz edo munduko margolan garestienetaz hitz egiten denenan, energia guztia desagertzen zait. BBVA, Van Gogh, Picasso, Cezane....Beti berdin. Alfonbran etzaten naiz luze - luze, eta beste mundu batzuetara egiten dut alde. Alfonbra bera, gorri eta berdea, beste leku batetik etorritakoa da. Lokartzera noanean toki baten irudia datorkit burura: Europako iparraldeko hiriburu bat, hotza, baina uda da, arratsean, eta museo atarian dagoen plazan zerbait gertatzen da. Jende asko dago ni bezala, botata, begirada galduta eta beste asko noraezean, lore tartean, pasian. Amapolak dira, asko daude. Zarata lasai eta bitxi bat somatzen da, gero eta hurbilago, plazako izkina bakoitzean dauden altaboz bakoitzetik. Emakume baten militantzia abestia da, edo errezua, edo sistemaren aurkako aldarrikapena, ez dut esaten duena ulertzen. ......stan-en bateko hizkunta dela dirudi. Ingurunea leuntasun zoragarri batek biltzen du, eguzkiaren argi gorriagatik edo haize epelaren eraginez. Lokartu egin naiz, kontzeptu artistiko, politiko, ekonomiko eta historikotan pentsatzen.Denok bezala oporrak behar ditut, egunerokotasunetik aldentzeko. Miren Ustarroz