Nondik eraman argindarra?

Guaixe 2008ko uztailaren 23a

Argindar linea Lizarraldean barna aurreikusi du REEk, 18 ibilbide aukera posible proposatuz. Han zenbait protesta ahots entzun dira dagoeneko. Baina linearako bada beste aukera bat, oraingoz, REEk jaso ez duena, baina administrazioren batek dagoeneko proposatu duena: 400 kv zirkuitu bikoitzeko linea Sakana eta Lautadan barna eramatea bi hiriburuak lotzeko. REEk linea berria egiteko eskaera Ingurumen, Landa eta Itsas eremuko Ministerioak tramitatu behar du eta ukitutako erkidegoetako ingurumen sailak entzun beharra ditu horretarako.ZergatiaArgindar linea berri horren egitekoa litzateke parke eolikoetan eta ziklo konbinatuko zentraletan sortutako energia garraiatzea. Baita Iruñea eta bere inguruko industrialdeak hornitzea ere. Horretaz gain, argindar lineak penintsulan aurreikusitako Euskal Herria-Aragoi-Erdialdea/Levante garraio ardatzaren zati bat potentziatzea du helburu. Hala dio, behintzat, Arabako Foru Aldundiak argitaratutako txosten batek. Begoña Sanberro kontseilari nafarrak parlamentuan adierazi zuenez, linea berriak "Euskadi eta Nafarroa arteko garraio sarea indartzea ahalbideratuko du, bi erkidegoen energia hornikuntzaren fidagarritasun handiagoa bermatuko du". Linearen ezaugarriakAurreikusitako lineak 400 kv garraiatuko lituzke. Horretarako 42 eta 46 metroko altuera dituzten dorreak erabiliko lituzke. Oinarrian 10 x 10 metro inguru hartuko luke. Oinarri bakoitzak metro erdiko sakonerako zimenduak eskatzen ditu. Linearen inguruan, 26 metro zabaleran, ezin da landaretzarik egon. NafarroaBegoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria maiatzaren 16an parlamentuko batzordean izan zen. Nafarroa Baik eskatuta herrialdean aurreikusitako argindar lineen berri eman zuen. Kontseilariak orduan esan zuenez, aurki Muru Artederreta eta Gasteiz arteko 400 Kv-ko linea eraikitzeko "aurre-kontsulten fasearekin izapidetze administratiboa hasi du". Begoña Sanzberrok agerraldi hartan adierazi zuenez, bere departamentuak iazko azaroaren 23an jaso zuen linea horri buruzko aurre-kontsulta dokumentua. Kontseilariak parlamentuko batzordean gogora ekarri zuen gaur egun Nafarroa eta Araba arteko energia garraio sareen lotura bakarra Itsaso eta Orkoien lotzen dituzten 220 kv-ko 2 lineen bidez egiten dela. Linea horiek Lizarrustin eta Etxegaraten barna doaz. SakanaKontseilariak parlamentuko batzordearen aurrean jakitera eman zuenez, otsailaren batean erantzun zioten Ingurumen Ministerioari. Ingurumen-inpaktu azterketa egiterakoan "kontuan izan beharreko zenbait aspektu" proposatu zituen departamentuak. Horien artean dago "iparraldean dauden pasabide posibleak gehitzea, alternatiba posible guztiak baloratu eta egoki zehazteko pasabidea baten edo bestearen aukeraketak izanen duen ingurumen-inpaktua". Horrekin lotuta, Diario de Noticias egunkariak apirilaren 4an argitaratu zuenez "Nafarroako Gobernuak Ingurumen Ministerioari proposatu dio baloratzeko linea berriak egun dauden 220 kv-ko 2 lineatako pasabide bat erabiltzea". Horretaz gain, egunkarian azaldu zenez, hori eginez gero, "departamentuak eskatu zuen baloratzea 400 kv-ko linearekin kendutako hornikuntza zirkuitua Itsaso eta Orkoien arteko beste linean kargatzea". Ingurumen Departamentuan aukera horretaz galdetuta kontseilariak parlamentuko batzordean esandakora mugatu ziren, "gaur egun gai horretaz kontatu daitekeen guztia baita". Departamentua Ministerioaren erantzunaren zain dago. Beste aspektuak400 kv-ko linea bikoitzaren pasabide posibleen ingurumen-inpaktu azterketa egiterakoan Nafarroatik hala eskatuta Ministerioak honako aspektuak izan beharko ditu kontuan: natur parkeei eta Natura 2000 sareko espazioei eta bestelakoei eragiten dien afekzioen ikerketa diferentziala; arriskuan dauden animalien inguruetan pasabide posibleek izan dezaketen eragina ikertuko da; ikerketa eremuak hartzen dituen elementu arkeologiko, arkitektoniko eta kultur ondare diren elementuen kartografia egin beharko da; alternatiba bakoitza herri gune bakoitzetik zenbatera pasako den zehaztea eta, azkenik, Nafarroako Lurralde Antolaketa Planetako aurrerapen dokumentuetan jasotzen diren irizpideak kontuan izateko, tartean Sakana hartzen duen Nafarroa atlantikoa aipatzen da. ArabaArabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin ere harremanetan jarri gara. Txarli Garciak esan digunez, "REEk alde bakarreko proposamenak egin zituen. Guk planteamendu orokorrago bat nahi dugu, guztia osotasunean hartuko duena". Garciak adierazi digunez, REEk Arabako Mendialdetik proposatzen duen aukera "naturaren aurkako eraso handia izanen litzateke, mendi erditik pasatzea planteatzen duelako ia-ia. Ez da batere egingarria". Arabako Foru Aldundiak A-1eko korridorearen alde egin du, Garciak azaldu digunez, "azpiegituretarako historikoki erabili delako eta irizpide hori jarraituz egin da". REEri proposamena luzatu badiote ere ez dute erantzunik jaso. Garciak azaldu duenez, elektrizitatea garraiatzeaz arduratzen den enpresak azaldu du, "proposatutakoak aukerak zirela, ez plana, guztia fase goiztiarrean dagoela". Txarli Garciak jakinarazi digunez, Arabako Foru Aldundiak Espainiako Ingurumen eta Industria Ministerioei gutuna bidali zien bi gairen inguruan hitz egiteko: "Garoñako Zentral nuklearra eta argi indar linea hau. Ez genuen erantzunik jaso eta hauteskundeak pasa ondoren, berriro bidali diegu gutuna". Asmoa litzateke "linea egitasmoaz hitz egitea eta dena birpentsatzea". Garciak azaldu digunez, alderdi guztiak daude linea Arabako Mendialdean jartzeko egitasmoaren kontra. TxostenaArabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Bioaniztasun Zerbitzuak aurtengo otsailean Línea eléctrica a 400kv Vitoria-Línea Castejón-Murarte txostena zabaldu zuen. Han jaso denez, 2003ko irailaren 8an jaso zuen diputazioak REEren asmoen berri: Gasteiz ondoko Ullibarri-Arrauza eta Muru Artederretako subestazioak batzea. Horretarako bi aukera nagusi proposatu zituen: Arabako Lautadakoa eta Mendialdekoa. Hilabete beranduago Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren txostenak zihoen Mendialdeko bidea "ezin zela onartu ingurumen eraginengatik eta indarrean dagoen lurralde antolaketarekin talka egiten duelako". Eta segituan aipatzen du "lurralde antolaketan zehaztuta dago Lautadako azpiegitura korridorea, beraz, koherentea da han kokatzea linea". 2007ko azaroaren 27an Arabako Foru Aldundian kontsulta eskaera egiten da. Ordurako REEk soilik Arabako Mendialdean barnako bideak aipatzen ditu linearako. Horri erantzunez, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zerbitzuak aurretik emandako ondorioak zabaldu zituen.