Egoi Martinez garaipenaren atean geratu zen

Guaixe 2008ko uztailaren 21a

Hasiera-hasieratik ekin zioten sakandarrek lanari. Embrumeko irteera atzean utzi eta berehala, 12 kilometrora egin zuten ihes, Credit Agricoleko Simon Gerrans eta Garmin taldeko Danny Paterekin batera. Elkarrekin gainditu zituzten bideko oztopo nagusiak, maila bereziko Agnel gaina kasu. Sailkapen nagusia arriskuan jartzen ez zutenez, tropel nagusian inor gutxi arduratu zen laukoteaz eta 13:40 minutuko aldea izatera iritsi ziren. Helmugatik 20 kilometro ingurura bere horretan irauten zuen tropelarekiko aldeak. Prato Nevoso 1. mailako portuan gora, argi zuten txirrindulariek haien artean erabakiko zela etapa. Orduan hasi zen haien arteko lehia. Egoi Martinez indartsu sentitzen zen maldan gora eta ihes saiakera egin zuen. Ordura arte lan bikaina egin zuen lagunak, Jose Luis Arrieta uhartearrak ezin izan zion etxarriarraren erritmoari eutsi. Beste bi arerioek ordea ez zuten bere gurpila utzi. Martinezek, Gerransek eta Patek elkarrekin zeharkatu zuten helmugarako kilometro falta zela adierazten zuen marra. Zoritxarrez Egoi Martinezek nahi baino zelaiagoa ziren azken kilometroak eta Credit Agricole taldeko Simon Gerransek arnasa hartu eta indarrak berreskuratzeko denbora izan zuen. Maldan gora Etxarrikoa baino gutxiago zena, azkarragoa izan zen helmugan. Gerrans-en atzetik, bigarrena izan zen Egoi Martinez, 3 segundora. Laugarren postuan zeharkatu zuen helmuga Jose Luis Arrietak, 55 segundora. Helmugan tristeTourreko etapa garaipena eskura edukita "bere ibilbide profesionaleko desilusio handiena" jaso zuen Egoi Martinezek. 2001ean txirrindularitza profesionalean hasi zenetik, "ez dut inoiz horren gertu eduki Tourreko etapa baten garaipena". Helmugara iritsi berri, handia zuen pena, baina lehen uneko haserrea pasata, alde onarekin geratu zen: "Tourrean etapa bat irabazteko gai naizela ikusi dut eta horrekin geratzen naiz". Gainera ez da ezerezean geldituko atzo egin zuen lana. Ihesean lortutako puntuek mendiko sailkapeneko 3. postura igo dute etxarriarra, 50 punturekin, Kohl liderrarengandik 35 puntura. "Mendiko sailkapena izanen dut orain helburu. Alpetan geratzen diren bi etapetan borrokan jarraituko dut, baita mendiko beste bi etapetan ere. Badakit zaila izanen dela, baina dudan guztia emanen dut" adierazi zuen Egoik. Jose Luis Arrieta, mendiko sailkapeneko 6.a da 40 punturekin.Lider aldaketaSailkapen nagusirako ere erabakigarria izan zen Alpetako lehen etapa gogorra. Tropelean gainditu zuten Agnel gaina itzuliko txirrindulari indartsuenek, Prato Nevoson gora erakustaldia eskaini zuten. Erritmo bizia jarri zuen Frank Schleck eta Sastreren CSC taldeak, tropela ...era murriztu arte. Orduan hasi zen faboritoen arteko borroka: Ihes saiakerak egin zituzten Schleck-ek, Menchov-ek, Kohl-ek eta Sastrek, Evans atzean utzi arte. Australiarrak helmugan galdu zituen segundoak nahiko izan ziren maillot horia galtzeko. CSC taldeko Frank Schleck da lider berria, Kohl eta Evans-en aurretik. Sailkapen nagusiko 49. postuan dago Egoi Martinez, liderrarengandik 48:37 segundora; 77.a da Jose Luis Arrieta, 1:18:21era; eta 97.a Gorka Verdugo, 1:38:41era. Frantziako Itzuliko 15. etapa amaituta, atseden eguna dute gaur. Denaren beharra izanen dute bihar eta etzi Alpetako portu mitikoak izanen baitituzte zain: maila bereziko Lombarde eta Bonette-Resteond bihar eta Galibier, Croix de Fer eta Alde D´Huez mitikoak asteazkenean.